Politika -
Ezohiko biltzarra eskatu du
Patxi Lopezen proposamenak ezustean hartu du PSOEko zuzendaritza
- Chacon, Rubalcaba, Blanco eta Chaves, isilik PSEren proposamenaren aurrean.
- Fernandez Vara alde agertu da.
- Marcelino Iglesias PSOEko Antolakuntza idazkariak barne-hauteskundeak defendatu ditu.
Erredakzioa
PSOE zatituta dago. Boto-emaileek zigor latza eman diete sozialistei foru eta udal hauteskundeetan, eta orain, gainera, ez dira ados jartzen Jose Luis Rodriguez Zapateroren hurrengoa nola erabaki ezartzeko.
Testuinguru horretan, Patxi Lopez lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak hautsak harrotu ditu, lehenbailehen PSOEren ezohiko biltzarra deitzea proposatu baitzuen atzo. Izan ere, proposamen hori Zapaterok diseinatutako planaren aurkakoa da. Gobernuburuak barne-hauteskundeak deitzea eta ondoren ezohiko biltzarra egitea nahi zuen, baina PSE-EEk aurkakoa proposatu du, hots, lehenik eta behin programa erabakitzea, eta ondoren alderdia nork gidatuko duen.
Lopezen proposamenak bi ondorio ekarriko lituzke: PSOEren egungo zuzendaritzak dimititzea, eta barne-hauteskundeak ez egitea.
PSOEren talde parlamentarioaren ustez, barne krisi garaian ez da komeni hauteskunde primarioak egitea, eta, beraz, Zapatero ordezkatzeko hautagaitza bakarra izatea eskatu du. Hainbat buruzagi sozialista horren alde agertu dira, hala nola Guillermo Fernandez Vara Extremadurako PSOEko idazkari nagusia eta Alfonso Guerra eta Txiki Benegas diputatu historikoak.
Beste hainbat, baina, barne hauteskundeen alde daude, tartean Carme Chacon Defentsa ministroa (hautagai izango dela diote hedabideek) eta Marcelino Iglesias PSOEko Antolakuntza idazkaria.
Guillermo Fernández Vara, alde
Extremadurako PSOEko idazkari nagusiak babestu egin du Patxi Lopezen proposamena, eta ezohiko biltzarra deitzea primarioak egitea bezain "demokratikoa" dela aldarrikatu du.
"Barne-hauteskunde prozesuak hautsi egingo luke orain arte izan dugun diskurtsoa", ohartarazi du buruzagi sozialistak, prentsaurrekoan.
Marcelino Iglesias, aurka
PSOEko Antolakuntza idazkariak primarioak egitearen alde egin du, estatutuak betetzera "behartuta" baitaude.
Iglesiasek ez du baloratu nahi izan PSE-EEren proposamena, eta "euskal sozialisten idazkari nagusiaren iritzia" dela eta "errespetu osoz" entzun duela adierazi du.
"Interesatzen zaidana ez da hautagai gehiago edo gutxiago izatea, baizik eta estatutuak betetzea", nabarmendu du, estatutuen arabera gobernuburuen hurrengoak barne-hauteskundeen bidez aukeratu behar direla gogorarazi eta gero.
Rubalcaba, Blanco eta Chaves, isilik
Bien bitartean, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro eta Gobernuko lehen presidenteordea (beste balizko hautagai bat), Manuel Chaves hirugarren presidenteordea eta Jose Blanco Sustapen ministroa isilik daude lehendakariaren proposamenaren aurrean.
Lopezen eskaera Senatuko kontrol saioa bukatu eta berehala iritsi zen ministroen belarrietara, baina denek saihestu egin zuten ezer esatea.
"Ez dut adierazpenik egingo", esan zuen, irmo, Blancok.
Chavesen hitzetan, alderdiaren jarrera larunbateko Batzorde Federalak ezarriko du, baina ez zuen iritzirik eman, alderdikideei zor dien "errespetua" argudiatuta.
"Benetan, ez dut ezer esateko", esan zuen Rubalcabak.
Chaconen aldekoek "presio izugarriak" salatu dituzte
Defentsa ministroa ere isilik dago, baina haren jarraitzaileek salatu egin dute "presio izugarriak" jasotzen ari direla politikari kataluniarra hauteskundeetara aurkez ez dadin.
Haien ustez, gainera, Patxi Lopezen proposamenak ere helburu hori du, hau da, hauteskunde primarioak saihestea eta Rubalcaba zuzen-zuzenean PSOEko idazkari nagusi egitea.
Chaconen aldekoek ez dute ulertzen zer dela eta dagoen horrenbeste beldur barne-hauteskundeei, Rubalcabaren aldeko mugimenduen atzetik berldur hori dagoela sumatzen baitute.