Politika -

Gipuzkoako Aldundia

Adegik 'egonkortasuna' eta Bilduri 'konfiantza' ematea eskatu du

Eduardo Zubiaurre presidenteak esan du ez duela Gipuzkoako enpresarien artean kezkarik "nabari" Bilduk Aldundiaren agintea lor dezakeelako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eduardo Zubiaurre Adegiren presidenteak azpimarratu du Gipuzkoak Aldundi "egonkorra" behar duela, "ekimena hartzeko gaitasuna" izango duena eta "enplegua eta aberastasuna sortzen duten enpresen eta enpresarien beharrekiko sentsibilitatea izango duena". Aldundia Bilduren esku geratu daitekeela eta, Zubiaurrek koalizioarengan "konfiantza" izateko deia egin du.

Adegiren presidenteak Donostian eman duen prentsaurreko batean azaldu duenez, "erabat" errespetatzen du "Gipuzkoako herritarren borondatea", Bilduk hauteskundeetan lortu dituen emaitzen harira.

Zubiaurrek azpimarratu du Bilduk "zilegitasun" osoz lortu duela alderdi bozkatuena izatea eta "onartu" egin behar dela. Horren aurrean, erakundeei "lurraldeak dituen erronkak proposatzea besterik ez zaigu geratzen, gure lehiakortasuna hobetzeko eta herritarren ongizatea helburu”, gaineratu du.

Bilduk zuzendutako Aldundia zer moduz ikusiko lukeen galdetuta, "errespetu osoz" ikusiko lukeela erantzun du. Zubiaurreren esanetan, Adegik "beti" bilatu izan du "erakundeen arteko lankidetza", izan ere, "ezinbestekoa da egoerak hobera egin dezan"; eta koalizioak Aldundia bere gain hartzen badu, Adegik "denekin egin duen moduan" erakutsiko omen du "lanerako borondatea".

Zubiaurrek esan du "mundu guztiari" eman behar zaiola "konfiantza", eta "zergatik ez da ba posible izango Bilduk Gobernu egonkorra eta Gipuzkoan ekimena izango duena osatzea?".

Azpiegitura handien proiektuak

Bilduk Abiadura Handiko Trenaren, Pasaiko kanpo portuaren eta Donostiako erraustegiaren kontra duen jarreraren inguruan galdetuta, Zubiaurrek esan du Adegi azpiegitura horien "alde" dagoela eta ez dela kontra daudenekin ados egongo.

Kutxen bat-egitea

Euskal kutxei buruz, berriz, Adegiren buruak uste du Bilduk ez duela "bat-egitea erabat errefusatzen", baizik eta “ñabardurak" egin dituela "operazio horren inguruan", beraz, "goizegi da balorazioak egiteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea