Politika -
Batzorde Politikoa
Ezker Batuak alderdiaren 'birsortze' prozesua proposatu du
Aranak EBko Batzorde Politikoa bilduko du datorren ekainaren 3an, alderdiaren "birsortze" prozesuari hasiera emateko.
Erredakzioa
Mikel Arana EBko idazkari nagusiak jakinarazi duenez, datorren ekainaren 3an Batzorde Politikoa egingo du EBk alderdiaren "kanpo eta barne birsortze" prozesua hasteko, joan den 22ko datu txarren ondorioz. Halaber, urtea bukatu baino lehen batzar nagusia deituko dutela jakinarazi du.
"EB birsortu behar da, urteetako barne krisia jasan, mezu kontraesankorrak eman eta hiritarren aldetik aldendu ostean. Apaltasunetik hasi nahi dugu prozesua, eta ahalik eta modu gardenean eta partehartzailean", esan du.
Aranaren esanetan, "guztion artean adostutako lan proposamen berriak mahai gainean jartzeko, gardentasunean eta horizontaltasunean oinarritutako eredu berria martxan jartzeko eta alderdi osorako hitzaldi politiko eta sozial bakarra zehazteko" topagunea izan behar da ez ohiko Batzar Nagusia. "Bostgarren esparru politikoaren konfigurazioa abian jarri beharko du Batzar Nagusiak", gaineratu du, "eta bertan, Ezker Batua horren parte bat izan beharko da, ez ardatz nagusia".