Politika -

M-22ko hauteskundeak

'Pilota' gainerako alderdien eskuetan utzi du Bilduk

"Etorkizuna erabakitzeko eskubidea errespetatzen ez" dutenak euskal erakundeetatik "irtenaraziko" dituztela ohartarazi du Bilduk.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Pilota" gainerako alderdien eskuetan utzi du gaur Bildu koalizioak, EAEko erakundeetako gobernu ezberdinak osatzerako orduan. Hala ere, gehiengoak lortu dituzten tokietan gobernatzeko "prest" daudela adierazi dute Bilduren ordezkariek.

Gipuzkoan eta Donostian gobernatu ahal eta behar dutela esan dute Pello Urizar, Oskar Matute eta Bakartxo Ruiz Bilduko bozeramaileek, hauteskundeak irabazi egin dituztelako.Bildu Donostiako Udaletik edota Gipuzkoako Foru Aldunditik kentzeko gainerako alderdien arteko itunak beharrezkoak izango direla nabarmendu dute.

Bestalde, bere botoek PPren edo UPNren gobernu posibleei "ateak itxiko" dizkietela ziurtatu du Bilduk, eta "etorkizuna erabakitzeko eskubidea errespetatzen ez" dutenak euskal erakundeetatik "irtenaraziko" dituztela ohartarazi du. "Edozein preziotan" gobernatzeko bere programari "uko egingo" ez diola adierazi du koalizioak. Era berean, programa edozein negoziaketan defendatuko dutela nabarmendu du.

"Ez gara kromoen trukaketa baten jokoan sartuko gizartea zorabiatzeko, izan ere, joko horretan parte hartzen duten alderdiak asebetetzen ditu bakarrik", azaldu dute koalizioaren ordezkariek. "Eserleku bat hemen, eta alkatetza bat han bilatzeko unea ez da, Euskal Herriaren unea baizik, eta guztiek egoerak eskatzen duen bezala ekin behar dugu", Bilduren esanetan.

Bilduren "aldeko apustua egin dutenek desengainurik ez hartzea eta lanarekin jarraitzea" koalizioaren "obsesioa" izango dela azaldu du Urizarrek. Lortutako 315.000 botoek "bakea, normalkuntza politikoa eta aldaketa soziala" lortzeko balioko dutela errepikatu du Urizarrek.

Elkarrizketa sortaren zain

Gainontzeko alderdiren batekin koalizioan gobernatzeko aukera ez dute baztertu, baina alderdien arteko elkarrizketa sortei itxarotea nahiago izan dute, "bakoitzak duen borondatea ikusteko" eta gainerako alderdien programak aztertzeko.

EAJ "bere epeak kudeatzen ari dela" uste du Bilduk. Atzo, Joseba Egibarrek Gipuzkoako Foru Aldundiko bere hautagaia Markel Olano izango dela azpimarratu zuen.

Bestalde, Donostiako alkate berria izateari uko egitearekin, Odon Elorza kanpainan zehar "esandakoarekin bat" datorrela esan du Pello Urizarrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea