Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Eguiguren: 'Gure politika zuhurregia izan da ezker abertzalearekiko'
PSE-EEren presidentearen arabera, "beldur eta deskonfiantza gehiegi" zuten sektore horrekiko "bakea bilatu behar zen momentu batean", eta hauteskundeetan gizartearen zigorra jaso dutela uste du.
Erredakzioa
Jesus Eguiguren PSE-EEren presidenteak uste du azken hilabeteotan bere alderdiak "politika zuhurregia" egin duela ezker abertzalearekiko, izan ere, "beldur eta deskonfiantza gehiegi" zegoela pentsatzen du.
Sozialisten presidenteak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, "bakea lortzeko garai batean", herritarrek zigortu egin dute PSE-EEk izan duen jarrera eta "helegiteak jarri" eta ezker abertzaleak "bozetan ez zuela parte hartuko" esan izana. Horren harira Eguigurenek azaldu duenez, "zuhurregi jokatzen ikusi gaituzte, beldurti, eta politikan dena eman behar da eta porrot egiten bada, porrota onartu, eta irabazten bada, garaipena ospatu".
Eguigurenen esanetan, duela lau urte gizarteak saritu egin zuen sozialistek "bizi dugun egoera gainditzeko egindako apustua, apustu burugabea ia", baina "orain kontrakoa gertatu da, gizarteak sinestu egin ditu ezker abertzalearen urratsak eta bultzada bat eman die".
Gipuzkoako Aldundia
Gipuzkoako Aldundia Bilduren esku gera daitekeela eta, Eguigurenek esan du "printzipioz horren kontra" dagoela, "baina adostutako formularik lortzen ez badugu, irabazi duenez, bere esku geratuko da, eta mundua ez da pikutara joango, erakundeak berritzea ez da txarra izaten".
Itunak EAJrekin
Udal eta foru erakundeetan lor ditzaketen balizko itunez galdetuta, buruzagi sozialistak erantzun du "erakundeetako egonkortasuna lortzea EAJri eta PSEri dagokiela, bien artean akordio minimo bat lotuta eta gero besteen babesa bilatuta".