Politika -

Memoria historikoa

Franco Erorien Haranetik atera ala ez erabakiko du gaur Gorenak

Magistratuak 10:00ak aldera bilduko dira bozkatzeko eta erabaki bat hartzeko, baina iturri juridikoek azaldu dutenez, bigarren puntuak zailtasun juridiko handiak ditu.

Erorien Harana. Artxiboko argazkia: EFE
Erorien Harana. Artxiboko argazkia: EFE
Erorien Harana. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik atera eta El Pardo-Mingorrubio hilerrian hobiratzeko Espainiako Gobernuaren erabakia zuzenbidezkoa den ala ez erabakiko du Auzitegi Gorenak gaur-biharretan. Sei magistratuk osatzen dute erabakia hartuko duen aretoa.

Magistratuak 10:00ak aldera bilduko dira bozkatzeko eta erabaki bat hartzeko, baina iturri juridikoek azaldu dutenez, bigarren puntuak zailtasun juridiko handiak ditu; izan ere, azken egunetako eztabaidetan epaimahaiaren zatiketa eragin du ebazpenak.

Diktadorearen senideek Francoren gorpuzkiak hobiratzeko tokia aukeratzeko eskubidea omen dute, eta horixe da oztopo nagusia. Diktadorearen familiak Almudenako Katedralaren kripta eskaini zuen, baina Espainiako Gobernuak baztertu egin zuen aukera hori. Familia batek senide baten gorpuzkien kontrolik ez izatea justifikatzen zaila da, iturri juridikoen arabera.

Francoren gorpuzkiak Mingorrubion hobiratzeari uko egin zion diktadorearen familiak gaia auzitara eraman zuenean, eta, irizpidea adostu ezean, litekeena da Goreneko magistratuek erabakia aho batez ez hartzea.

Jorge Rodriguez Zapata da epaimahaiko presidentea, eta Celsa Pico, Jose Luis Requero, Pilar Teso, Segundo Sanz eta Pablo Lucas magistratuek osatzen dute. Azken horrek idatziko du ebazpena.

Francoren familiaz gain, Francisco Franco Fundazioa, Cuelgamurosko beneditarrak eta Erorien Harana Defendatzeko Elkartea aurkeztu dira auzian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Auzitegi Gorena Espainia Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa