Politika -
PSOEren Batzar Federala
Zapatero: 'Rubalcabak 10 hilabetetan hauteskundeak irabaz ditzake'
Jose Luis Rodriguez Zapaterok Rubalcabaren hautagaitza erabat defendatu du bere ondorengo moduan eta legealdia "herrialdearen interes orokorragatik" amaituko duela berretsi du.
Erredakzioa
PSOEren buruak eta Gobernuko presidenteak, Jose Luis Rodríguez Zapaterok, gaur Alfredo Perez Rubalcabaren hautagaitza defendatu du bere ondorengo moduan. Sozialisten artean "maitatuena eta gehien miresten dutena" dela azaldu du Zapaterok; arerioen artean, berriz, errespetua diotela argudiatu du eta "Alfredo, 2012an egin dezakegu" esan dio.
Horrela mintzatu da Zapatero Madrilen primarioen egutegia onartzeko asmoz egiten ari diren PSOEren Batzar Federalean. Aurreikuspen guztien arabera, batzar horretan Alfredo Perez Rubalcaba barne hauteskundeetako hautagai modura onartuko dutela.
Gobernuko presidentearen iritziz, Rubalcaberen moduko "esprinter" bat gai da ehun metro hamar segundo baino gutxiagoan egiteko, eta beraz, gai ikusten du baita ere "hauteskundeak hamar hilabete baino gutxiagoan" irabazteko.
PSOEk hautagaia aukeratzeko estatutuen arauak eta prozedurak errespetatuko dituela argi utzi ostean, Zapatero guztia "ondo" aterako dela ziur agertu da. Rubalcaba ofizialki hautatzen dutenean, PSOE guztiak babesa ematea eskatu du Rodriguez Zapaterok, sozialista guztiek batasuna eta eskuzabaltasuna agertzeko berarekin.
Legealdiaren amaiera
Jose Luis Rodriguez Zapaterok gaur "herrialdearen interes orokorragatik" legealdia amaitu egingo duela berretsi du. Ekonomiaren errekuperazioarekin jarraitzeko, arlo finantzarioan egonkortasuna lortzeko eta lana sortzeko egin behar diren erreformak aurrera eramateko "determinazioa" ere erakutsi du. "Nire determinazioa lana bukatzea da, eta ondorioz, baita legealdia ere", esan du Zapaterok Batzar Federalean egin duen hitzaldian.