Politika -

Espainiako Gobernua

Gorteak desegin eta hauteskunde orokorrak deitzeko dekretua argitaratu dute

Hala, hauteskunde-egutegia deiturikoa abiatu da, eta zenbait debeku ezarri dira, adibidez, inaugurazio-ekitaldiak edo propaganda instituzionaleko kanpainak egitea.

Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE
Gorteak desegiteko eta hauteskunde orokorrak deitzeko dekretua argitaratuko da gaur
Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE

Agencias | Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuko Aldizkari Ofizialak astearte honetan argitaratu du Gorteak desegin eta hauteskunde orokorrak azaroaren 10erako deituko dituen dekretua. Meritxell Batet Kongresuko presidentea Zarzuela Jauregira joan da goizean, erregeak agindua sinatu dezan. Horrenbestez, astearte honetan abiarazi dute hauteskunde-egutegia.

Hala, Espainiako Gorteetako bi ganberak gaur bertan desegingo dira, eta 47 egun igaroko dira azaroaren 10eko hauteskunde orokorretara arte. Legeak xedatzen duen bezala, hauteskundeak errepikatuz gero, hauteskunde-kanpaina laburragoa izango da, zehazki astebetekoa, eta alderdi politikoei emango dizkieten diru-laguntzak ere erdira murriztuko dira.

Konstituzioaren 99. artikuluaren arabera, inbestidurako lehen bozketatik bi hilabete igaro ondoren -uztailaren 23an izan zen Sanchezen lehen inbestidura saioa-, ez bada hautagairik izendatu, erregeak Gorteak desegiteko dekretua sinatzen du eta hauteskunde orokorrak deitzen ditu, Kongresuko presidentearen berrespenarekin.

Hauteskunde deialdirako dekretuan, Kongresua eta Senatua eratzeko data ere agertuko da, eta hori abenduko lehen astean izatea aurreikusten da. Izan ere, Gorteetako bi ganbera horien eraketarako muga Konstituzioan dago ezarrita. Hauteskundeak egin eta hurrengo 25 egunen barruan izan behar da, beraz, ezin izango dira abenduaren 5a baino beranduago eratu.

Errege Dekretua argitaratzean, hauteskunde-egutegia deiturikoa abiatuko da, eta, hortik aurrera, hauteskunde-batzarrak abian jarriko dira, eta zenbait debeku ezarriko dira, adibidez, inaugurazio-ekitaldiak edo propaganda instituzionaleko kanpainak egitea, askotan legealdiko lorpenak goratzeko asmoa baitute.

Prozeduraren data nagusiak:

Irailak 24. Pedro Sanchezen inbestiduraren lehen bozketa (uztailaren 23a) egin eta bi hilabete igaro ondoren, Erregeak eta Kongresuko presidenteak Gorteak desegiteko dekretua sinatu dute. Hortaz, gaur bertan argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), eta indarrean jarriko da, baina epeak hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

Irailak 25. Prozesu osoa gainbegiratuko duten Probintziako eta Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak (EHB) eratuko dira. Alabaina, hauteskunde orokorrak errepikatzen direnez, apirileko bozetarako eratu ziren mahai berberak osatuko dira. Hauteskunde Batzorde Zentrala, berriz, joan den astean eratu zen.

Irailak 29. Alderdi, federazio eta koalizioek Hauteskunde Batzorde Zentralari beren ordezkari nagusiak eta barruti bakoitzeko hautagai-zerrendetako hautagaiak mantentzen edo aldatzen dituztela jakinarazteko azken eguna. Bi egun geroago, Hauteskunde Batzorde Zentralak erabaki horren berri ematen die Probintziako Hauteskunde Batzordeei. Aldaketarik balego, hautagai berriek alderdi horren zerrendetan agertzeko izendapena onartu beharko lukete.

Irailak 29. Alderdi politikoei epe bera ematen zaie bozetara koalizio gisa aurkeztu nahi duten edo apirilaren 28an aurkeztu zuten aliantzari eutsi nahi dioten jakinarazteko. Igande gauean amaituko da epea (00:00etan).

Urriak 2/7. Alderdietako, koalizioetako eta elkarteetako ordezkariek Probintziako Hauteskunde Batzorde eskudunari idazten diote, hautagai-zerrendak mantentzen dituztela, aldatzen dituztela edo beste batzuk aurkezten dituztela baieztatuz. Bi egun geroago, urriaren 9an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira aurkeztutako hautagaitza guztiak.

Urriak 14. Probintziako Hauteskunde Batzordeek zerrendak aztertu eta behin betiko hautagaitzen berri emango dute. Zerrenda horiek urriaren 15ean argitaratuko dira Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Azaroak 1. Hauteskunde kanpaina hasiko da, eta, kasu honetan, zortzi eguneko iraupena izango du, ohiko 15 egunen ordez.

Azaroak 4. Boto asmoari buruzko inkestak argitara daitezkeen azken eguna.

Azaroak 8. Ostiral horretan amaituko da hauteskunde kanpaina (00:00etan), larunbateko hausnarketa egunari bide emanez.

Azaroak 10. Hauteskunde orokorrak egingo dira, deialdia egin eta 47 egunera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PSOE PP Hauteskunde orokorrak Espainiako Felipe VI.a Espainiako Gobernua Espainia Pablo Iglesias Alderdi politikoak Pedro Sánchez EH Bildu Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Albert Rivera Hauteskundeak Pablo Casado Blanco Vox Santiago Abascal