Politika -

Gipuzkoa

Bildu EAJrekin batzartuko da bilera-sortari hasiera emateko

Martin Garitanok bilerak egingo ditu Markel Olano jarduneko ahaldun nagusiarekin, Miguel Buen sozialistarekin eta Aralarreko Rebeka Uberarekin. PPk uko egin dio biltzeko gonbidapenari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi politikoen arteko negoziazioak ixteko aste erabakigarria hasi da. Datozen egunetan, hurrengo lau urteetan Udaletan eta Foru Aldundietan nork aginduko duen erabakiko dute. Horrela, Bildu Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdiekin elkarrizketatuko da gaurtik asteazkenera.

Markel Olano jarduneko ahaldun nagusiarekin, Miguel Buen hautagai sozialistarekin eta Rebeka Ubera Aralarreko bozeramailearekin bilduko dira Martin Garitano ahaldun nagusirako hautagaia eta bere taldeko beste kide batzuk (Ander Rodriguez eta Iñaki Agirrezabalaga batzarkideak).

Elkarrizketa horietan, Martin Garitanok "hauteskundeetako emaitzen analisia egin eta bere programaren ardatz nagusiak azalduko dizkie lurraldeko gainontzeko alderdi politikoei". Horrekin batera, "legealdi osoan lankidetza errazteko eta etengabeko elkarrizketarako izango duen borondatea agertuko die".

Lehenengo bilera gaur izango da, 10:00etan, Eusko Alkartasunaren Donostiako egoitza nagusian. Batzar horretan, Bildu eusko alderdi jeltzalearekin elkartuko da. EAJk aldundi guztietan hautagaia aurkeztea ez duela baztertu adierazi du. Bilduk, berriz, aurkeztutako egitaratuari uko egin nahi ez diola esan du. Hortaz, EAJk Markel Olanoren alde bozkatzen badu, Bilduk ez du gutxiengoan agintzea baztertuko.

Asteartean, Bildu PSErekin eta Aralarrekin elkartuko da.

PPk eta Juan Carlos Cano hautagaiak uko egin diote koalizio abertzalearekin hitz egiteko gonbidapenari, Bilduk komunikatu batean zabaldutakoaren arabera.

Bizkaian, jeltzaleek joan den astean hasitako bilerekin jarraituko dute. EAJren asanblada nazionala datorren ekainaren 6ean bilduko da itxitako itunak aztertzeko.

Araban, PPrentzat egoera zailtzen hasi da, lurralde horretan alderdi bozkatuena izan arren. EAJk Xabier Agirre hautagaia aurkeztuko duela baieztatu du eta Bilduk, ordainetan ezer eskatu gabe, Agirreren alde egingo duela esan du.

PSEk hiru lurraldeetako akordio orokorra bien artean izan daitekeen itun bakarra dela adierazi dio EAJri.

Oraingoz, Arabako Foru Aldundian emango duen botoa erabakiorra izango den arren, Ezker Batuak ez du adierazpenik egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea