Politika -
Zapateroren ondorengotza
Blanco: 'Burugabekeria da Chaconen kontrako azpijokoetan pentsatzea'
PSOEko idazkariorde nagusiak ziurtatu du ez duela alderdian zatiketa arriskurik ikusi edo sentitu eta horrelako adierazpenek "tristura handia" sortzen diotela azaldu du.
Erredakzioa
Jose Blanco PSOEko idazkariorde nagusiaren arabera ''burugabekeria'' da Gobernuko presidentearen kontrako azpijokoak daudela pentsatzea. Lehengo astean Carme Chacon Defentsa ministroak PSOEren primarioetara ez zela aurkeztuko esan zuen ikusitakoa ikusita, eta alderdiaren batasuna bera ere arriskuan sumatuta, baina gaur Blancok erabat baztertu ditu adierazpenok.
"Ez dut inoiz sentitu, ikusi edo ezagutu alderdiaren egonkortasunaren kontrako mugimendurik", adierazi du Blancok TVEn emandako elkarrizketa batean eta horrelako "burugabekeriak" entzuten dituenean "sekulako tristura" sentitzen duela adierazi du.
Alfredo Perez Rubalcabaren hautagaitza "ez da gogo hutsak agindutako aukeraketa izan", esan du Blancok eta alderdian gertatzen ari denaren irakurketa okerra egiten ari direla salatu du.
Bestalde, ordezkari sozialistak "zuhurtzia" eskatu die hauteskundeak baino lehen PSOEko idazkari nagusia aukeratzeko Ezohiko Batzarrik ez dela egingo jakinik "urduri" jarri direnei, eta batzar politikoa egingo dutela eta, besteak beste, Patxi Lopez lehendakariak eskatutako "ideien eztabaida" egingo dela gaineratu du.
Batzorde Federalean alderdiko idazkari nagusiek euren iritzia eman zutela adierazi du Blancok. Gehiengoaren ustez, sozialistek duten "hautagairik onena" eta PP garaitzeko "aurkari onena" Rubalcaba dela azpimarratu du.