Politika -
Krisia alderdi barruan
Ciudadanosen Arabako Zuzendaritzak dimisioa eman du Gomez kargutik kendu ondoren
"Norabidea erabat galdu duten pertsonak ari dira alderdia zuzentzen", kritikatu dute Arabako Zuzendaritzaren hiru kideek.
Agentziak | Erredakzioa
Alderdi laranjako zuzendaritza nazionalak Javier Gomez Calvo kargutik kendu ondoren, Ciudadanosen Arabako Zuzendaritzan geratzen ziren hiru kideek dimisioa eman dute larunbat honetan. Espainiako zuzendaritza Gomez Calvorekin "desleiala" izan dela uste dute.
Ohar bidez jakin da oraindik ere Arabako buruzagitzan jarraitzen zuten hiru kideen erabakia –laugarrena Gomez Calvo bera zen- .
Testuan salatzen dutenez, "norabidea erabat galdu duten pertsonak ari dira alderdia zuzentzen" eta baldintza horietan ezin dutela alderdian jarraitu azaldu dute.
Gomez Calvo bezala, Ciudadanos eta PP Euskadin elkarrekin aurkeztearen alde daudela esan dute Ciudadanosen Arabako buruzagi ohiek, "konstituzionalistak banatzen garenean, abertzaleak hazi egiten baitira".
Dena dela, "derrigorrezko abertzaletasunari aurre egingo dion alternatiba konstituzionalista indartzeko lanean" jarraituko dutela berretsi dute, "ego eta pertsonalismoen gainetik", eta gizarte zibiletik lan egingo dutela jakinarazi dute: "inor ez da joango beste inora; gizarte zibilera itzuliko gara".
Arabako exekutibak karguak utzi ostean, Ciudadanosek asanblada deitu beharko du zuzendaritza berria hautatzeko.