Politika -
SARE SOZIALETAN SEINALATUAK
Ikerketa ireki diete armak lurrean utzita garagardoak edaten aritu ziren militarrei
Lau haizeetara zabaldu da Vilafranca del Penedes (Bartzelona) herrian hartutako irudia. Gabriel Rufian ERCko diputatua izan da Twitter bidez salaketa egin duenetako bat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Defentsa Ministerioak ikerketa ireki die armak lurrean zituztela Vilafranca del Penedes (Bartzelona) herrian garagardoak hartzen aritu ziren militar batzuei, irudi hori sare sozialetan bolo-bolo zabaldu eta gero.
Defentsako iturriek jakitera eman dutenez, 70 militar daude ikerketapean. Maniobra batzuetatik bueltan ziren legionarioek arau-haustea egin ote zuten argitu nahi dute, alkohola edaten aritzeagatik armak lurrean utzita.
Lau haizeetara zabaldu den irudian, militarrak mahai batzuetan eserita ageri dira, uniformea jantzita eta garagardo botila batzuk edaten, arma luzeak lurrean dituzten bitartean.
Irudiak harri eta zur utzi zituen Vilafrancako bizilagunak, eta iruzkin ugari eragin ditu sare sozialetan. Gabriel Rufian ERCren Kongresuko bozeramaileak ironiaz idatzi du: "Ziur garagardoaren ondoren errifle automatikoak gutxiago pisatzen duela".
Vilafrancako CUPek militarrek alde egiteko eskatu dute, eta Carles Puigdemont presidente ohiak ondokoa argitaratu du Twitterren duen kontuan: "Espainiako alderdi politikoen gaitzespenaren zain nago...".