Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Olano: 'EAJk ez du onartuko Gipuzkoako azpiegitura nagusiak gelditzea'

EAJren ahaldun nagusigaiak ez du uste Gipuzkoako enpresarien artean "kezka zabaldu dela", ezta Kutxan ere, "ziur baitaude kutxen bat-egitea egingo dela".

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi eta EAJren hautagaia, elkarrizketa batean. Argazkia: EITB
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi eta EAJren hautagaia, elkarrizketa batean.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi eta EAJren hautagaia, elkarrizketa batean. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi eta EAJren hautagaiak esan du EAJk ez duela onartuko "Gipuzkoako erronka eta azpiegitura nagusiak gelditzea, Gobernuan nahiz oposizioan egon".

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean Olanok gogora ekarri duenez, Bilduk Batzar Nagusietan indar handia lortu badu ere, "gehiengoak babestu egiten ditu Gipuzkoako erronka nagusiak eta azpiegiturak (Pasaiako Kanpo Portu, AHT, etab)". Hori dela eta, lurraldeak ez duela "atzera egingo" goraipatu du.

Gipuzkoako jarduneko ahaldun nagusiak gaitzetsi egin du batzuk "alarma soziala sortu" nahi izana, baina "klase politikoaren urduritasunaren erakusgarri" dela uste du. Izan ere, klase politikoa "oso urduri" omen dago, "ez herriaren etorkizunarekin, eserlekuarekin baizik, eta hori ikuskizun penagarria da eta klase politikoaren irudia kaltetzen du herritarren aurrean".

Buruzagi jeltzaleak enpresari batzuekin hitz egin omen du eta ez du uste "kezka zabaldu" denik ez enpresarien artean, ez Kutxan, "euskal kutxen bat-egitea gauzatuko dela ziur dago eta".

Haren esanetan, Gipuzkoako enpresariek badakite "egoera berrira egokitu" behar dutela. Horren harira, hauteskundeetako emaitzak "lasaitasunez eta herriak bozkatu duenarekiko errespetuz" jaso dituztela uste du.

EAJ-PSE-PP ituna

PSE-EEk eta PPk Bildu agintetik kanpo uzteko egindako proposamenen harira, Olanok esan du ezin duela onartu "negoziazioak ixtea EAJ-PSE-PP itun batekin" eta "are gutxiago Gipuzkoan, Bilduk herritarren gehiengoaren babesa jaso duenean".

Hala eta guztiz ere, argi adierazi nahi izan du horrek ez duela esan nahi PSE-EErekin itunak egitea baztertzen dutela.

Bestalde, negoziazioak amaitu arte itxarongo omen du inbestidura ekitaldian ahaldun nagusirako aurkeztuko den ala ez erabakitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea