Politika -

Ezker abertzalea

'Otegiren aurkako epaiketak fase politiko berriari erantzuten dio'

Euskal Herriak bizi duen fase politiko berri horren "garapenean ardura berezia izan dute epaituak izango diren pertsonek", gogorarazi du Txelui Moreno ezker abertzaleko buruzagiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi Batasunako bozeramaile ohiaren eta beste zazpi lagunen aurka datorren hilabetean martxan jarriko den "epaiketa Euskal Herrian ireki den fase politiko berriari Madrilek ematen dion erantzuna da", ezker abertzalearen ahotan.

Horrela azaldu du Txelui Moreno ezker abertzaleko agintariak arratsaldean. Moreno kasu berdinean auzipetu zuten. Tasio Erkiziak eta Marian Beitilarrangoitia eta Agurne Barriuso Hernaniko eta Bergarako jarduneko alkateek prentsaurrekoan parte hartu dute

Ezker abertzalearen ahotan, "epaiketa hau Euskal Herrian ireki den fase politiko berriari Madrilek ematen dio erantzuna da. Fase politiko berri bat, zeinaren garapenean ardura berezia izan dute epaituak izango diren pertsonek, ekarpen politiko eta teoriko oso garrantzitsua burutuaz".

"Apustu errepresiboa"

Ezker Abertzaleak "apustu errepresiboari eustearen" ardura egotzi dio PSOEri. "Agertoki aldaketaren eta gatazkaren behin betiko konponbidearen aldeko gure herriaren aldarriari aurre egiteko eusten dio Gobernu espainiarrak estrategia errepresiboari; atxiloketak, torturak eta epaiketa masiboak osagai dituen estrategia", erantsi du.

Ezker abertzalearen esanetan, "PSOEk, Rubalcabaren eskutik eta Europako eskuinik atzerakoienak luzatzen dizkion exijentziei men eginez, agertoki berri hau ukatu nahi du, bideraezin bihurtuko duen inposaketa eta errepresio harresi bat eraikiaz". Hala ere, "saiakera honetan ordea, erabateko porrota jaso du, maiatzaren 22ko hauteskundeek erakutsi bezala", gaineratu du.

"Euskal Herriarentzat agertoki demokratiko bat defendatzeagatik epaituko dituzte zortzi lagun hauek; gure herriaren behar politiko, sozial eta kulturalak egokien ordezkatzen dituen proiektu independentista eta sozialista defendatzeagatik; bide soilik politiko eta demokratikoen aldeko apustua defenditu eta gauzatzeagatik; azken finean, hainbeste ilusio piztu duen eta herri atxikimendu zabala metatu duen fase politiko berria defendatzeagatik", ezker abertzalearen hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea