Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
PSE: 'EAJk Bildu babestuko du Gipuzkoan, autonomikoetara begira'
Pastorren hitzetan, EAJk "jarrera hipokrita" du. "Bildu bozkatuena izatea erabaki duten gipuzkoarrei errespetua zor zaiela diote, baina badirudi Arabako herritarrak bost axola zaizkiela", salatu du.
Erredakzioa
EAJk Bilduri Gipuzkoa gobernatzen utziko diola adierazi du Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak, eta koalizioaren "hautesleak ez mintzeko" eta datozen hauteskunde autonomikoetan pentsatuz egingo duela gaineratu du.
Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean, Pastorrek esan du sozialisten eta EAJren arteko itun orokor bat ez badago, "itxura guztien arabera, Egibarrek behintzat, Bilduk Donostiako Udalean, udaletxe gehienetan eta Foru Aldundian gobernatzeko erabakia hartu duelako da".
Jarrera hori EAJren hauteskunde estrategia bati dagokiola adierazi du Pastorrek. "Datozen hauteskunde autonomikoetan pentsatzen ari dira, eta, hori dela eta, ez dute Bildu haserretu nahi, ez dute nahi Bilduko hautesleek EAJ aurkari bezala ikusterik, autonomikoetara garbi heldu nahi dute", esan du PSE-EEko bozeramaileak.
EAJk "jarrera hipokrita" duela salatu du Pastorrek. "Bildu zerrenda bozkatuena izatea erabaki duten gipuzkoarrei errespetua zor zaiela diote, baina badirudi PPk Araban irabaztea erabaki duten herritarrak bost axola zaizkiela", azaldu du.
Bestalde, jeltzaleei esan die ezin dietela sozialistei eskatu "jateko gauzetarako" beraiekin aritzeko eta, gero, jolasteko Bildurekin aritu.
Pastorren ustez, EAJk ez ditu Bilduren hautesleak mindu nahi, eta jeltzaleen ardura bakarra hori izango dela gaineratu du. Horren aurrean, baina, PSE-EEk ez duela "lan zikina" egingo ohartarazi die.
Gauzak asko aldatzen ez badira, "Bilduk Donostiako Udalean gobernatuko du, Gipuzkoako Foru Aldundian eta orain arte EAJren esku zeuden udalerri askotan", esan du.