Politika -
PSN-REN LURRALDE BATZORDEA
Ezarrita dauden 'legeak aintzat hartuta', 'elkarbizitzaren alde' egingo du Chivitek
Espainiako Konstituzioa eta Nafarroako Foru Amejoramenduaren Legea izango dira PSNren iparrorratzak, 'Gobernu progresista bat' bideratzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak eta PSNren idazkari nagusiak eman dio hasiera Foru Erkidegoko sozialistek gaurko deitu duten Lurralde Batzordeari. Politika aurrerakoiak ardatz hartuta gobernatuko duela eta "formak neurtuko" dituztela hitz eman du.
"Nafarroarentzat eta Espainiarentzat bereziki garrantzitsua den garaiotan, elkarbizitzaren alde egingo dugu, betiere, Konstituzioa eta Nafarroako Foru Amejoramendurako Legea aintzat hartuta", esan du. Horretarako, "elkarrizketa eta sosegua" jarri nahi ditu erdigunean Nafarroako presidenteak.
Azken hilabeteok "oso gogorrak eta zailak" izan direla aitortuta, jasotako babesa eskertu die militanteei Chivitek. "Gezurrak eta irainak" entzun behar izan dituzten arren, "ahaleginak merezi" izan duela adierazi du. Nafarroak agintari "serioak eta zintzoak" behar dituela ere esan du, eta, bere hitzetan, "eskuina ez dator bat balore horiekin".
"Nafarroatik eta Nafarroarentzat" lan egiteko borondate osoa agertu du, horretarako adostutako "programa berritzailearekin".
Hitz gogorrak erabili ditu Nafarroko alderdi eskuindarren jarrera gaitzesteko. Boterea bereskuratzeko "edozer egiteko" prest daudela esan du, baita elkarbizitzan "zatiketak" eragiteko ere.