Politika -
Bilera sorta
EAJ PPrekin eta PSErekin banan-banan bilduko da ostegun honetan
"Bilduren aurkako blokerik" sortuko ez dutela errepikatuko diete PSEri eta PPri jeltzaleek.
Erredakzioa
EAJ PPrekin eta PSErekin banan-banan bilduko da ostegun honetan, azken hauteskundeek utzitako egoera aztertzeko, alderdi ezberdinetako iturriek azaldu dutenez.
Joseba Egibar (GBB), Andoni Ortuzar (BBB) eta Iñaki Gerenabarrena (ABB) presidenteek, Joseba Aurrekoetxea Zuzendaritzako kideak eta Belen Greaves EBBko idazkariak osatuko dute jeltzaleen ordezkaritza.
"Inoren aurkako blokerik", Bildu barne, sortuko ez dutela errepikatuko diete PPri eta PSEri ordezkari jeltzaleek.
PSE
Bestalde, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak eta Jose Antonio Pastor (Bizkaia), Iñaki Arriola (Gipuzkoa) eta Txarli Prieto (Araba) idazkariek osatuko dute PSEren ordezkaritza.
EAJren planteamenduak "entzungo" dituztela azaldu dute euskal sozialistek, baina "gobernu egonkorrak" sortzeko "akordio globalak" lortzeko borondatea agertuko diete jeltzaleei.
PP
Iñaki Oyarzabal PPko idazkari nagusia eta Anton Damborenea (Bizkaia), Alfonso Alonso (Araba) eta Borja Semper (Gipuzkoa) presidenteak izango dira bileran.
"Euskadiren etorkizunerako akordio handi bat" beharrezkoa dela esango dio PPk EAJri, gizarteak "erakunde indartsuak" eskatzen dituelako.