Politika -
Polemika
EH Bilduk ez du uste Jon Bienzobasen erakusketa 'biktimen aurkako eraso bat' denik
Mertxe Aizpurua ha ha afirmado que no entiende "en qué momento se pasa de exponer un cuadro, un tema artístico, a que todo esto se convierta en un ataque a las víctimas".
Agentziak | Erredakzioa
Mertxe Aizpurua Kongresurako EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburuak esan du ez duela ulertzen Jon Bienzobas presoak Galdakaon egindako erakusketa “biktimen aurkako eraso bat bihurtzea”. Ildo horretatik, “iraganera itzuli nahi duen jendea” dagoela salatu du, eta bizikidetzaren alorrean “oraindik aurrera egin behar den arren”, bidea ez dela hori azpimarratu du.
Onda Vascan egindako elkarrizketa batean, Jon Bienzobas presoaren margolanak biltzen dituen erakusketaren inguruan hitz egin du Aizpuruak. Izan ere, Galdakaoko Kultura Etxean ikusgai dagoen erakusketak polemika handia piztu du.
Testuinguru horretan, Bienzobas dagoeneko “zigortuta dagoen preso bat” dela adierazi du EH Bilduko ordezkariak, eta, kartzelan "kondena luzea” betetzen ari dela ziurtatu du. Aizpuruaren iritziz, presoak “inori minik egiten ez dioten margolanak egiten ditu”. “Ez dut ulertzen zein unetan erakusketa bat, gai artistiko bat, biktimen aurkako eraso bat bihurtzen den”, salatu du EH Bilduko kideak.
“Ez dut inondik inora ulertzen”, esan du Aizpuruak, eta “gauzak bere testuingurutik atera” nahi dituztela gaineratu du Aizpuruak. Hala, “beste batzuetan ere” berdin jokatu dutela esan du, eta, “hauteskunde kanpaina" gaudela "nabari” dela nabarmendu du.
EH Bilduko hautagaiak salatu duenez, “batzuk iraganera itzultzeko asmoa dute, eta helburu hori lortzeko ondo etor dakiokeena mahai-gainean jartzen du une bakoitzean”.
Gauzak horrela, bizikidetzari dagokionez, “oraindik aurrera egin behar den arren”, bidea ez dela hori ziurtatu du. Bere ustez, “jokabide horiek kontrako norabidera garamatzate”.
"Denok dakigu iragana ezin dela aldatu. Guztioi gustatuko litzaiguke beste iragan bat izatea, biktimen familia guztiei, baina ezin dugunez iragana aldatu, etorkizuna alda dezagun, hori baita sen onak, bizikidetzak eta erantzukizunak eskatzen diguna ", ondorioztatu du.