Politika -
Polemika
Jaurlaritzak ere Bienzobasen erakusketa ixteko eskatu dio Galdakaoko Udalari
Josu Erkorekaren esanetan, 'ez da preso baten adierazpen askatasun eskubidea murriztea, baizik eta horrelako adierazpenei babes publikoa ez ematea'.
Agentziak | Erredakzioa
Biktimen elkarte batzuek eta Alderdi Popularrak egin bezala, Eusko Jaurlaritzak ere Jon Bienzobas ETAko presoaren margolan eta eskultura erakusketa bertan behera uzteko eskatu dio Galdakaoko Udalari. Atzo inauguratu zuten erakusketa Bizkaiko herri horretako Torrezabal Kultur Etxean, eta hasieratik bertatik sortu da polemika, "biktimak umiliatzen" direlako, elkarte eta alderdi batzuen iritzian.
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Josu Erkoreka bozeramaileak eskakizun zehatza egin dio Galdakaoko Udalari: "Biktimekiko hurbiltasuna adierazi dezala eta sentsibilitatea erakutsi dezala, eta hauen eskakizunei kasu egin diezaiela".
"Argi dago ETAko kide izandako baten eta kondenatutako baten erakusketa egitea ez dagoela legez kontra, baina kasu honetan ez da legea inbokatu behar dena, biktimekiko humanismoa, hurbiltasuna eta sentsibilitatea baino", esan du.
"Ez da askatasunik gabe dagoen pertsona baten adierazpen askatasun eskubidea murriztea, baizik eta horrelako adierazpen bati babes publikoa ez ematea. Ez dator bat Jaurlaritza sustatzen ari den irakurketa kritiko horrekin. Iraganeko indarkeriak urratu dituen giza eskubideak banalizatu edo tribializatu egiten dira, eta hori ez da onargarria", adierazi du.
Gogorrago mintzatu da Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia ETBko 'Egun On Euskadi' saioan. Horren ustez, erakusketa "lotsagarria" da.
Bideoa | Idoia Mendiarentzat 'lotsagarria' da Bienzobasen erakusketa