Politika -
Polemika
Jon Bienzobas presoaren erakusketa debekatzea baztertu du Auzitegi Nazionalak
Covite biktimen elkarteak erakusketa galaraztea eskatu zuen, baina Auzitegi Nazionalak eskaria atzera bota du, preso galdakoztarraren obrak biktimak iraintzen ez dituela argudiatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota du Covite terrorismoaren biktimen elkarteak egindako eskaera eta, ondorioz, ez du Jon Bienzobas presoaren obrekin Galdakaon irekitako erakusketa debekatuko.
EFE agentziak zabaldu duenez, Alejandro Abascal magistratuaren autoak dio Galdakaoko Kultur Etxeko "Ziegako leihotik" erakusketa ez duela legez kanpoko erakunde batek antolatu eta obra horiek ez dutela biktimekiko umiliaziorik edo mespretxurik adierazten.
"Espetxean preso dagoen ETA erakunde terroristako kide batek egindako koadroekin eta eskulturekin osatutako erakusketa bat baino ez da eta, oraingoz, ez dago arrazoirik inolako neurririk hartzeko", dio ebazpenak.
Alabaina, Estatuko segurtasun indarrei erakusketa bideoan grabatzeko eta obrei argazkiak ateratzeko eskatu die. Halaber, erakusketa "kontrolatzeko" agindu die Ertzaintzari, Guardia Zibilari eta Polizia Nazionalari, "terrorismoa goratzeko ekitaldirik izango ez dela berma dezaten".
Auzitegi Nazionalaren erabakiaren berri izan ostean, Covitek helegitea aurkeztu du erakusketa debekatzea berriro eskatuta.
Galdakaoko Udalaren azalpena
Bestalde, Galdakaoko Udalak duela zenbait egun egindako adierazpena berretsi du eta Bienzobasen erakusketaren antolaketarekin zerikusirik ez daukala azpimarratu du.
Udal Gobernuak –EH Bildu, Podemos, Usansolo Herria eta Auzoak- orduan zabaldu zuen oharraren arabera, Udalak ez du eskumenik Kultur Etxean erakusketa bat egin nahi duen bizilagunari eskaera ukatzeko.
Erakusketa bat egin nahi duenak izena ematea besterik ez du eta sala libre dagoen lehen data egokitzen zaio. "Udalaren eginkizuna erakusketarako aretoa uztea eta obrak zaintzea da, eskatzailea edozein izanda ere", zehaztu zuen.
Gauzak horrela, Udalak ukatu egin du erakusketaren antolaketarekin zerikusirik daukanik nahiz erakusketa horri lehentasuna eman dionik.
Bestalde, Gorka Urtaran Euskadiko Udalen elkarteko presidente eta Gasteizko alkateak esan du Bienzobasen erakusketa legezkoa dela eta, ondorioz, ezin daitekeela debekatu. Hori bai, obra horren egilea “terrorista bat izan dela, giza eskubideak urratu dituela eta hil egin duela” gogoratu beharko litzatekeela erantsi du, "biktimenganako errespetuagatik".
ETBn egindako elkarrizketa batean, Urtaranek udaletxeek eskera eta proposamen ugari jasotzen dituztela eta kasu honetan erakusketa antolatzeko eskaria Galdakaoko elkarte legal batek egin duela gogoratu du. "Erakusketa hori ez da inoren aurkakoa, ez ditu giza eskubideak urratzen eta legezkoa da; eta hori ez diot nik, epaile batek hala ebatzi du", azpimarratu du.
Bitartean, Eusko Jaurlaritzak bere egin du atzo Euskadiko Alderdi Popularrak egindako salaketa eta "biktimekiko hurbiltasuna" adierazteko eta Bienzobasen erakusketa bertan behera uzteko eskatu dio Galdakaoko Udal Gobernuari.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak ere ildo bereko adierazpenak egin ditu eta lotsagarritzat jo du Galdakaoko Udalak ETAko preso baten erakusketa baimendu izana.
Bestalde, Mertxe Aizpurua Kongresurako EH Bilduren hautagaiak esan du ez dutela uste Bienzobasen erakusketa "biktimen kontrako erasoa" dela, eta salatu du "gauzak testuingurutik ateratzen" direla, "batzuek iraganera itzuli nahi dutelako, etorkizunari begiratu beharrean".