Politika -
Lankidetza-memoranduma
EAEk eta Fukushimak akordioa sinatu dute energia berriztagarrien harira
"Industriaren, ingurumenaren eta bizi-kalitatearen aldetik funtsezkoa den sektore ekonomikoan" herri bientzako interesgarria izango den lankidetza-memoranduma sinatu dute.
eitb.eus
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Masao Uchibori Fukushimako (Japonia) gobernadoreak lankidetzarako memoranduma sinatu dute, energia berriztagarriari aplikatutako teknologiak, efizientzia energetikoa eta biltegiratze energetikoa bultzatzeko.
Gaur (asteazkena) goizean Ajuria Enea Jauregian izan den ekitaldian, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Leyre Madariaga Kanpo Harremanetarako zuzendaria ere izan dira.
Bilera egin eta lankidetza-memoranduma sinatu ondoren, lehendakariak eta Fukushimako gobernadoreak agerraldia egin dute komunikabideen aurrean, akordioaren baldintzak azaltzeko.
Lehendakariaren esanetan, lankidetza-memorandumak bi gobernuen arteko lankidetza sendotuko du. "Hasiko dugun bideak hurbildu egingo gaitu, eta ziur gaude bi aldeentzako interesgarria izango dela industriaren, ingurumenaren eta bizi-kalitatearen ikuspuntutik funtsezkoa den sektore ekonomikoan", esan du. Gainera, lehendakariak azpimarratu du Japonia lehentasunezko herrialdetzat jotzen dutela 2020rako Euskadi Basque Country Estrategian.
Memoranduma sinatuta, harreman-lotura formalak eta lankidetzarako interes argia dituzten enpresen eta energiaren sektoreko eragileen arteko harremanak bultzatuko ditute. Lehendakariak energiaren sektorea nabarmendu du Euskadiko Espezializazio Adimentsurako Estrategiaren lehentasunetako bat bezala.
Lankidetza-memorandumean jaso diren gaiak oso zehatzak dira: energia berriztagarriari aplikatutako teknologiak; efizientzia energetikoa eta biltegiratze energetikoa haize-energiaren arloetan; energia fotovoltaikoa; sare adimendunak eta kudeaketa energetikoa, hidrogenoa eta biltegiratzea.