Politika -

Hauteskundeen osteko akordioak

PSEk babesa emango dio PPri Araban eta Gasteizen

Gipuzkoari dagokionez, Rodolfo Aresek PPrekin eta EAJrekin akordioak lortzeko eta Bilduk Donostian eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan agintzea galarazteko prest daudela berretsi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Alkatetzan eta Arabako Aldundi Nagusian PSEk PPren alde bozkatuko duela iragarri du Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak. Hala ere, Aresek esan bezala, "arazoa da babes hori nahikoa ez dela".

Onda Ceron egindako elkarrizketan, PPk Araban "hauteskundeak irabazi" egin dituela azpimarratu du Aresek eta "ahaldun nagusia izateko" PSEren babesa izango duela adierazi du. Hala ere, sozialisten aldeko botoek ez diote PPri kargua ziurtatzen, hori dela eta popularrek elkarrizketa txanda egiten ari direla esan du Aresek "bestelako babesak" lortzeko.

Gipuzkoari dagokionez, Rodolfo Aresek PPrekin eta EAJrekin akordioak lortzeko eta Bilduk Donostian eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan agintzea galarazteko prest daudela berretsi du.

PSEk jeltzaleei egindako eskaintzaren arabera, "EAJk Gipuzkoako Aldundian aginduko luke eurek Donostian, Andoainen eta Errenterian babesa ematearen truke".

Hala ere, EAJk akordio hori "erakunde guztietara" zabaltzeko asmorik agertu ez duela onartu du Aresek, nahiz eta bere ustez, administrazio batzuetan "aldizkako akordioak lortzeko aukerak egon".

PSEko politikariaren hitzetan, eta Bilduri erreferentzia eginez, "Gipuzkoako proiektu handiak aurrera ateratzea edo gelditzea nahi dugun erabaki behar dugu". Gauzak horrela, EAJri PSEren eskutik joan eta proiektu horiek aurrera ateratzeko "egonkortasuna" bermatzeko akordioak egin nahi dituen galdetu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea