Politika -
'Proces'-aren epaiketa
Epaiaren berehalako sinaduraren aurrean prest dago Katalunia
Sententzia gaur argitaratu ahal izatea espero dute Goreneko magistratuek. Epaiaren aurka protesta egiteko, soilik atzerrian 30 bat mobilizazio prestatu ditu ANCk.
eitb.eus
Kataluniako prozesu independentista epaitu duen aretoko magistratuek sententzia astelehen honetan sinatu eta argitaratu ahal izatea espero dute. Auzitegi Goreneko epaileek akordioa aho batez adostu dute, eta 2017ko udazkenean gertatutakoa sedizioa izan zela erabaki dute, azken egunetan izan diren filtrazioak baieztatuz gero. Horien arabera, presoak zigortu egingo dituzte.
Ondorioz, ordena publikoaren aurkako delitu baten aldeko hautua egin dute magistratuek. Diru publikoak bidegabe erabiltzea ere egotziko die Gorenak. Horrela, espetxean dauden bederatzi buruzagi independentistei kartzela-zigorrak eta kargu publikoan aritzeko debekuak ezarriko dizkiete.
Litekeena da epaiketan zehar aske izan diren hiru kontseilari ohiak delitu horrengatik ez zigortzea. Antza denez, desobedientziagatik zigortuko dituzte horiek.
Auzia epaiaren zain geratu zen ekainean, epaiketa otsailaren 12an hasi eta lau hilabete eta 52 saio igaro ondoren. Orduz geroztik sententzia blokeka eztabaidatu du epaimahaiak, eta asteburu honetan testuaren azken irakurketa egin dute magistratuek.
Hala ere, sententzia sinatu arte edozein magistratuk ekarpenak egin edo boto partikularra aurkez dezake, iturri juridiko zehaztu dutenez.
Auzitegi Gorenak sententzia astelehen edo astearte honetan argitaratzeko zain, independentismoak erabakiari erantzuteko "saioa" egin du igandean, Bartzelonan. Aurrena Sants geltokiko ataria hartu dute manifestariek, eta manifestazioa egin dute gero hiriko kaleetan.
'Pícnic per la República' plataformak deituta, ehunka pertsonak "eserialdia" egin dute Sants tren-geltokiaren atarian. Ordubete baino gehiago izan dira barruan, Esquadra Mossoek atera arte.
Protestak berehala egiteko, mobilizazioei eusteko eta desobedientzia ekintzak aurrera eramateko prestatzen ari dira alderdi eta entitate independentistak.
'Stand up for your rights, stand up for Catalonia'
Zentzu horretan, epaiaren aurka protesta egiteko, soilik atzerrian 30 bat mobilizazio prestatu ditu ANCk.
Kataluniako Asanblea Nazionalak (ANC) atzerrian dituen ordezkaritzek manifestazioak antolatuko dituzte, besteak beste, Washington (AEB), Brusela (Belgika), Londres (Erresuma Batua), Berlin (Alemania), Lisboa (Portugal), Geneva (Suitza) eta Mexiko (Mexiko) hirietan.
Ingalaterran, adibidez, ANCk protesta antolatu du sententzia argitaratzen den egunean bertan egiteko, arratsaldean, Espainiako enbaxadaren aurrean, Londresen, eta beste bat egingo du Manchesterren, baita Edinburgo eta Glasgow Eskoziako hirietan ere.
Irlandako hiriburuan, Dublinen, elkarretaratzea egingo dute Espainiako enbaxadaren aurrean, eta Frantziakoan ere egingo dute protesta ekintza bat.
Belgikan, Bruselan, ANCk Espainiako enbaxadara eramango du protesta, eta, epaiaren biharamunean, Europako Batzordearen egoitzaren aurrean egingo dute; eurodiputatuek parte hartzea espero da.
ANCk 'Stand up for your rights, stand up for Catalonia' lelopean egingo du kanpaina atzerrian, nazioartearen elkartasuna bilatzeko.
U1a baino lehen Estatuak espetxeratzeko aukera baztertzerik ez zegoela esan zuela gogorarazi du Oriol Junqueras ERCko presidenteak, baina "batzuetan kartzela askatasuna lortzeko bidean beste pauso bat baino ez da".
Bere errugabetasuna berriz aldarrikatu du Junquerasek igandean, eta sozialisten jarreran jarri du arreta. "PSOEren eta PSCren buruzagiek (eta beste pertsona askok) ondo dakite errugabeak garela. Baina gure zigorra txalotzen dute, euren interes eta pribilegioak babesten dituela pentsatzen dutelako, eta horrela guztiak berdin jarraituko duela uste dute", idatzi du kartzelatik 'Bidearen zati bat' artikuluan, ElNacional.cat atarian.
"Adorea, pertseberantzia eta duintasuna" eskatu die Junquerasek herritarrei.
Bestalde, U1eko hautetsontziak gordetzeko orduan izandako sekretismoa eta Goreneko epaiaren filtrazioak alderatu ditu Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak igande honetan.
"Hau da marka! Milaka polizia eta dozenaka kazetari bilatzen ari ziren 6.000 hautetsontzi baino gehiago diskrezioz ezkutatzeko kapaz izan ginen U1ean, eta orain Gorenak ezin du sententzia bat sekretuan mantendu", kritikatu du Twitter sare sozialean.
Manuel Marchena Auzitegi Goreneko magistratua epaiaren filtrazioekin haserre agertu zen larunbatean. Horren aurrean honakoa esan du Sanchezek: "Marchena, ez dut zure haserrea sinesten".