Politika -
Emaitzak ez dira aldatu
Hauteskunde Batzordeak EAJren helegitea atzera bota du Araban
Hurrengo urratsa administrazioen auzien prozesura jo eta salaketa aurkeztea litzateke. EAJk ez du aukera hori baztertzen.
Erredakzioa
Hauteskunde Batzorde Zentralak atzera bota du EAJk Arabako botu zenbaketaren ustezko irregulartasunen inguruan jarritako errekurtsoa. Ondorioz, lurralde horretako Batzar Nagusietako ordezkarien banaketan ez da aldaketarik izango.
Ebazpenean, Hauteskunde Batzorde Zentralak berretsi egiten du Arabako Batzorde Probintzialak aurretik hartutako erabakia. Gauzak horrela, Arabako Batzar Nagusietan PPk 16 ordezkari izango ditu, EAJk 13 (bat gehiago eskatzen zuen), Bilduk 11, PSEk 9 (helegitea onartu izan balute, bat galduko zukeen) eta EBk 2.
Hauteskunde Batzordearen arabera,EAJk Erribera Baxuko hauteslekuko emaitzak bertan behera utzea edo aldatzea eskatzen zuen, Batzar Nagusietarako urnan 10 atzerritarrek botoa eman zutelako; eta hori legez kanpo dago, azterritarrek udal hauteskundeetan bakarrik eman dezaketelako botoa.
Batzordeak azaltzen duenez, "nahiz eta 10 boto oker izan", irregulartasun horrek ez du emaitza "indargabetzeko" ahalmenik.
EAJk beste salaketa bat jar lezake
Epaiak dioenez, erabaki honen kontra ez dago helegitea aurkezterik, baina administrazio auzien prozesura jo eta salaketa jartzeko aukera dago.
Arabako EAJko iturriek Efe albiste agentziari jakinarazi diotenez, aukera hori ez dute baztertzen, baina erabakia datozen egunetan hartuko dute.