Politika -

'Proces'en epaia

Pedro Sanchez: 'Ideiengatik ez da inor epaitzen'

Espainiako Gobernuaren jarduneko presidenteak esan du "proces" auziaren epaia "osorik" beteko dela.

Pedro Sanchezek agerraldia egin du, epaia argitaratuta. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Pedro Sanchezek agerraldia egin du, epaia argitaratuta. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
'Demokrazian pertsonak ez dira euren ideiengatik epaitzen, delituengatik baino'

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren jarduneko presidentearen esanetan, "inor ez dago legearen gainetik", eta "denok bete behar dugu" legea. "Ideiengatik ez da inor epaitzen", gaineratu du, astelehen honetan, Auzitegi Gorenak proces auziaren epaia sinatu eta zabaldu ondoren.

Moncloan egindako adierazpen instituzionalean, Sanchezek esan du zigorrak "osorik" beteko direla.

Sanchezen esanetan, demokrazia batean inori ez da bere ideiengatik edo proiektu politiko baten alde egiteagatik epaitzen, ordenamendu juridikoan jasota dauden delituengatik bazik.

"Gobernuaren izenean", Sanchezek goraipatu egin du Gorenaren lan independentea: "Dituen beharrak guztiz betez egin du lan Auzitegiak, eta eredugarria izan da, autonomiari, gardentasunari, bermeei eta profesionaltasunari dagokienez".

Espainiako jarduneko presidentearen arabera, proces auziko epaiak egiaztatu egin du "Kataluniako proiektu independentistak porrot egin duela". Sanchezek berretsi duenez, "Kataluniak Kataluniarekin hitz egin behar du, bizikidetza baitago jokoan, eta Generalitatek eta Kataluniako Parlamentuak herritar guztiak ordezkatzeko eta guztientzat agintzeko ardura barneratu behar dute".

"Horixe egitekotan, Espainiako Gobernua hitz egiteko prest azalduko da", adierazi du.

"Gainditutako etapa baten azken-arnasa"

"Ondorengo egunotan, gaindituta dagoen etapa baten azken-arnasaren lekuko izango gara", esan du Sanchezek. Horren iritziz, "bizikidetzako etapa berria" abiatu da Katalunian, eta araua "legea eta Espainiako Konstituzioa soilik" izan behar dira.

Horren hitzetan, hurrengo egunotan Espainiako Gobernua "adi" egongo da, Katalunian "bizikidetasuna, segurtasuna eta legaltasun demokratikoarekiko errespetua" bermatzeko.

"Sendotasun demokratikoa erabiliz izango gara adi, proportzionaltasunez eta batasunetik", zehaztu du.

Sanchezek argi utzi du zer esan nahi duen sendotasun demokratikoak: "Legea ezartzea, ordenamendu juridikoak ematen dituen erantzukizunetako bat ere baztertu gabe".

Espainiako Gobernuak, horren esanetan, "proportzionaltasunez" erantzungo die gerta litezkeen erasoei, baita batasuna erabiliz ere, Konstituzioarekin konpromisoa duten indar guztiak kontuan izanik, alegia.

Horren harian, Espainiako Gobernuaren iturriek baieztatu dute Sanchezek arratsalde honetan deituko diela Pablo Casadori, Albert Riverari eta Pablo Iglesiasi, "eta Gobernuaren ondoan egotea espero dut", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Politika Kataluniaren independentzia Espainiako Gobernua albisteak Epaiketak argazkiak Pedro Sánchez bideoak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean