Itxi

2019/10/14

17:41

Politika

'Proces' auziko epaia

'Proces' auziko kondenatuak zuzenean hirugarren graduan sailkatu ahal izango dituzte

Agentziak | Erredakzioa

Kataluniako espetxe-administraritzak erabaki ahal du hori; epaia jaso eta gero, gehienez bi hilabete ditu zehazteko nola bete beharko duten zigorra.

  • Kondenatuetako batzuk, epaiketaren une batean. Argazkia: EFE.

    Kondenatuetako batzuk, epaiketaren une batean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Proces auziko kondenatuak zuzenean hirugarren graduan sailkatu ahal izango dituzte, Kataluniako espetxe-administraritzak hala erabakiz gero; hain zuzen ere, administraritzak bi hileko gehienezko epea du, epaia jaso eta gero, zehazteko zein kartzelatan eta espetxe-erregimenetan bete beharko dute kondenatuek zigorra.

Presondegiko lege organikoaren eta hori garatzen duen araudiaren arabera, espetxe-administraritzak erabaki behar du zigortuek nola beteko duten ezarritako zigorra; kasu honetan, Kataluniako administraritzaren esku dago hori erabakitzea.

Horretarako, lehen pausua da Generalitateko espetxe-zerbitzuek Auzitegi gorenaren epaia jasotzea; epaiak 9 eta 13 arteko zigorra ezarri die proceseko bederatzi liderri, sedizio-delitua egotzita; hain zuzen ere, hauek izan dira horregatik zigortuak: Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Turull, Dolors Bassa, Carme Forcadell, Joaquim Forn, Josep Rull, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart.

Kondenatuak egun dauden espetxeek epaiaren berri izateko, ez dago eperik (prebentziozko kartzela-zigorra ari ziren betetzen); baina epaia jasota, gehienez bi hilabete daude, administraritzak erabakitzeko zein kartzelatan beteko duten zigorra, eta zein gradutan sailkatuko dituzten, hasiera batean.

Ez da erabaki aldaezina

Erabaki horrek ez du zertan aldaezina izan; izan ere, espetxe-zerbitzuek aukera dute lehenik gradu batean sailkatzeko, eta gerora gradu hori berrikusteko. Berez, sei hilero, kartzelek beharra dute zigortu guztien sailkapen-erregimena aztertzeko, nahiz eta lehenago ere egin dezaketen, komenigarria dela iritzita.

Erabaki honen aurrean ez dago helegiterik jartzerik. Sailkapen-graduaren aurrean, aldiz, bai; Fiskalak eta zigortuak berak ere aurkez lezakete helegitea. Lehen instantzian, espetxe-zaintzako epailearen aurrean egin beharko lukete; gerora, beharrezkoa balitz, auzitegiaren aurrean izan beharko litzateke, kontsultatutako iturri juridikoen arabera.

Nolanahi ere, espetxeek aukera dute zigortuak zuzenean sailkatzeko hirugarren graduan; hirugarren gradu horrek dakar zigorra betetzeko erregimena lehen gradua edo erregimen itxia baino bigunagoa izatea (horiek kontrol-neurri zorrotzagoak dituzte), bai eta bigarren gradua baino arinagoa ere izatea (hori ohikoena da, erregimen ohikotzat jotzen da).

Dena dela, arauak zehazten du, "neurri ezohikotzat" eta 100.2. artikuluan, gauzatzeko eredua "malguagoa" izan daitekeela, zigortuaren ezaugarriak aztertuta. Neurri hori segituan ezartzekoa da, baina beharrezkoa da epaileak, gerora, balioztatzea.

Oriol Pujol eta Iñaki Urdangarinen aurrekariak

Azken aurrekarietako bat da CDC agintari ohi Oriol Pujolena. Bi urte eta erdiko zigorra jaso zuen, 'ITV auzia'n legez kanpoko komisioak jasotzeagatik; Kataluniako Gobernuak zuzenean hirugarren graduan sailkatu zuen, nahiz eta Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen, eta epaileak erabakia atzera bota zuen.

Bigarren gradura bueltatu zen Pujol; administraritzak, baina 100.2. artikulua ezarri zion, eta, ondorioz, egunero kartzelatik irteteko aukera eman zion. Fiskaltzak gaitzetsi zuen, baina epaileak abala eman zion Gobernuari.

Aukera gehiago daude, 117. artikulukoa kasu. Iñaki Urdangarini ezarri berri diote; 'Noos auzia'gatik, 5 urte eta 10 hileko zigorra jaso zuen, eta bigarren mailan sailkatu zuten. Azken hilabetean, epaileak asteko bi irteera egiteko baimena eman dio, desgaituen zentro batera boluntario Joan dadin.

Hirugarren graduak eskaintzen dituen aukerak

Zigortu bat hirugarren graduan sailkatuz gero, araudiak zigorra betetzeko hainbat aukera ematen ditu.

82. artikuluak, esaterako, hain malguak ez diren neurriak zehazten ditu: zigortuak, kasu gehienetan, Gizarteratze Zentro batean betetzea zigorra, eguneroko irteerekin, baina kartzelan lo egiteko beharrarekin.

83. eta 86. artikuluek beste neurri batzuk ere ezartzen ditu: presoak zigorra erdiaskatasuneko erregimenean betetzea, astebururo irteten, edo, zuzenean, zigortuak ez egitea lorik espetxean; bide telematikoen bidez egon liteke kontrolpean, edo horiekin ere ez. Baliteke ere presoak hamabost egunero sinatzeko beharra izatea.

Bigarren zein hirugarren graduan sailkatua izatekotan, presoak eskatu ahal ditu irteteko baimenak zigorraren laurdena Beteta.

Gerta liteke preso batek ez izatea irteera-baimenik eta hirugarren graduan izatea, edo, Urdangarin kasu, bigarren graduan egotea eta espetxetik irteteko aukera izatea; irteera horiek, nolanahi ere, ez dituzte jotzen espetxe-baimentzat.

Bigarren gradukoentzako baimenak urteko 36 egunetarakoak dira, eta espetxe-zaintzako epaileak balioztatu behar ditu. Hirugarren gradukoak, aldiz, 48 egunekoak dira, eta espetxe-administraritzak ematen ditu.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;