Politika -

Batzar Nagusiak

EAJren helegitea atzera bota du Hauteskunde-batzordeak Araban

Arabako Batzordeak lehenago hartutako erabakia berretsi du Hauteskunde-batzorde Zentralak. Horrela, PPk 15 ordezkari izango ditu, EAJk 13, Bilduk 11, PSEk 9 eta EBk 2.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako botoen zenbaketan ustezko irregulartasunak salatu zituen EAJk helegite baten bidez. Hauteskunde-batzorde Zentralak errekurtsoa atzera bota eta Batzar Nagusietako eserleku banaketa baieztatu du.

Ebazpenean, Arabako Batzordeak lehenago hartutako erabakia berretsi du Hauteskunde-batzorde Zentralak. Horrela, PPk 15 ordezkari izango ditu, EAJk 13 (bat gehiago eskatzen zuen), Bilduk 11, PSEk 9 (EAJren helegitea onartu izan balute, bat galduko luke) eta EBk 2.

Erriberabeitiako hauteskunde-mahaian jazotako emaitzak aldatzea edo bertan behera uztea eskatu zuten jeltzaleek. Batzar Nagusietarako hautestontzian hamar atzerritarrek botoa eman zutela salatu zuen EAJk. Atzerritarrek ezin dute Batzar Nagusietarako bozkatu, udal-hauteskundeetarako soilik.

"Nahiz eta legez kanpoko hamar boto izan, irregulartasun hori zenbaketa bertan behera uzteko nahikoa ez" dela azaldu du Hauteskunde-batzordeak ebazpenean. Horrez gain, boto irregular horiek "alderdi politiko berdinaren eskuetan" direla ziurtatzea ezinezkoa dela gaineratu du. Ondorioz, "hauteskundeetako emaitza alda dezaketenik frogatzea ezinezkoa da".

Itun posibleak baldintzatu ditzake

Hauteskunde-mahai horretako emaitzak bertan behera uztea berebizikoa zen EAJrentzako, izan ere, PSEren bederatzigarren eserlekua jeltzaleen eskuetan gera zitekeen.

Itun posibleei begira ordezkari horren etorkizuna oso garrantzitsua zen, izan ere, sozialistek Alderdi Popularraren hautagaia babestuko dutela iragarri dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea