Politika -
Eusko Jaurlaritza
Mendiak Garitanori: 'Goizetik gauera ezin da demokrata bihurtu'
Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, Bildu koalizioko hautagaiak "bide luzea dauka egiteko".
Erredakzioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, pertsona bat "ez da goizetik gauera demokrata bihurtzen" eta Martin Garitano Bilduko Gipuzkoako hautagaiaren harian, "oraindik bide luzea dauka egiteko", esan du.
Gobernu Bileraren ondorengo agerraldian, Idoia Mendiak Garitanoren atzoko hitzak ekarri ditu gogora. Bildu koalizioko hautagaiak "indarkeria mota guztiak" desagertzea exijitu zuen atzo, "mehatxuak, presioak, jazarpenak, atxiloketak eta torturak" tartean.
Idoia Mendiaren ustez, koalizio horren bozeramailearen hitzek eta alderaketek "ez dute inolako zentzurik"."Horrelako adierazpenak egiten dituen pertsona bati bide luzea gelditzen zaio egiteko", gaineratu du Mendiak.
"Herri honetan gertatu dena gertatu da, eta ezin dugu ahaztu", esan du. "Herri honen etorkizuna eta oroimena biktima guztiak aintzat hartuz eraiki behar dugu". Mendiaren iritziz, terrorismoaren "ahulezia" Jaurlaritzak bultzatutako tolerantziarik ezaren politikari esker lortu da.
Bizkartzain zerbitzuaren murrizketen inguruan, "mundu guztiak izango du bere segurtasuna bermatuta", esan du Mendiak. "Horrek ez du esan nahi mundu guztiak eskolta eraman behar duenik", gaineratu du. Izan ere, azken egunetan kargudun publikoen bizkartzain zerbitzua murriztu egingo dela zabaldu da hainbat hedabidetan. Alderdi popularra neurri horren kontra agertu da dagoeneko.
Idoia Mendiak ez du argitu bizkartzain zerbitzua murriztea onartu duten, baina, era berean, erabaki horiek "egoera ondo aztertuta" hartzen direla esan du.
Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bizkartzain elkarteek iragarritako protesten aurrean "errespetua" eskatu du Mendiak, eta "hiritarren eta kargudun publikoen segurtasuna bermatzea" Jaurlaritzaren helburu nagusietako bat dela gaineratu du.