Politika -
Itun politika
Urkullu: 'EAJk ez du bat egingo norbaiten aurkako itunekin'
EAJko presidenteak baztertu egin du PSErekin eta PPrekin Bilduren aurkako "frontea" osatzea, eta udalak osatzeko saioetan ETAren amaiera exijitzeko dei egin dio koalizioari.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak ohartarazi du alderdi jeltzaleak ez duela bat egingo "norbaiten aurka egitea" ondorio duten itunekin, eta, beraz, baztertu egin du PSErekin eta PPrekin "frontea" osatzea Bilduri gobernatzea galarazteko.
Buruzagi jeltzaleak prentsaurrekoa eskaini du Bilbon, atzo EAJk hartutako erabakia azaltzeko. Hain zuzen ere, erakunde guztietan euren hautagaien alde bozkatzea erabaki zuten jeltzaleek.
Hori horrela, Urkulluk "fronteen politikak" gainditzearen alde egin du, eta gaineratu du bere alderdiak ez diola uko egiten "erakundeetan gobernatzeari", "bozkatuena izan edo ez izan".
Dena dela, gobernatzeko babes adina nork lortuko duen gainerako alderdien esku egongo dela ohartarazi du.
"EAJk bere hautagaiak babestuko ditu, eta gainerako alderdiek eurek erabaki beharko dute ondoren zer egin", esan du.
ETAren amaiera exijitzeko dei egin dio Bilduri
Bestalde, udalak osatzeko saioak (larunbatean izango dira) ETAren "behin betiko amaiera" exijitzeko "aukera paregabea" izango direla esan dio Bilduri.
Urkulluren ustez, hori "bisita-txartel hobea" litzateke Bildurekin hitz egin nahi ez duten alderdientzat.