Politika -
Itun politika
'EAJk zentzuz jokatzen ez badu, geure hautagaiak babestuko ditugu'
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak adierazi duenez, beharrezkoa da "hitzarmen zabala" lortzea EAEko erakundeei "egonkortasuna" eman ahal izateko.
Erredakzioa
EAJk "zentzua" berreskuratzen ez badu, sozialistek bere hautagaiak babestuko dituzte EAEko erakundeetan, Jose Antonio Pastor PSEko ordezkariak iragarri duenez. Horren hitzetan, udalei eta foru aldundiei "egonkortasuna" eman ahal izateko beharrezkoa da "hitzarmen zabala" lortzea.
Eusko Legebiltzarrean esan duenez, EAJk itun "lotsagarri" eta "klandestinoa" adostu du Bildu koalizioarekin. Gipuzkoan "gertatzen dena" EAJren erantzukizuna izango dela gaineratu du Pastorrek.
Horren hitzetan, "jokoan" dagoena "bizikidetasuna" da. Hala ere, larunbatera bitartean, udalak osatu bitartean, EAJri eskua "luzatu" egingo diote sozialistek. Hala ere, akordioa lortzeko itxaropen handirik ez duela esan du sozialistak.
Arabako Foru Aldundiari dagokionez, Ezker Batuak abstenitzea erabakitzen badu, PPko hautagaia babestuko dute sozialistek.
"Bilduri bidea oztopatuko ez diotela, baina Donostiako Udalean PSEri bidea itxi egingo diotela adierazi dute jeltzaleek", Pastorren hitzetan. "Gauza bera egin nahi dute irabazi ditugun beste udal batzuetan ere", gaineratu du.
Datorren larunbatean Trapagarango (Bizkaia) edo Lasarteko (Gipuzkoa) udaletan gertatzen dena gertutik jarraitzera animatu ditu kazetariak. Udal bietan sozialistek irabazi zuten, baina, Pastorren ustez, EAJk eta Bilduk "botere banaketa" egingo dute herri horietan.
"Egibarrek bere egunean diseinatu zuen fronteetako politikara bueltatu nahi du, Lizarrako itunaren garai txarrenetara eramango gaituen politikara", salatu du Pastorrek.