Politika -

Desobiratzea amaitu da

Francok Erorien Harana utzi du 44 urteren ostean

Jatorrizko hilkutxan lurperatu dute Mingorrubio El Pardo hilerriko familia- panteoian, Carmen Polo emaztearekin batera.

Francoren lau senidek Basilikatik hilkutxa atera dute sorbaldan. Argazkia: EFE
Francoren lau senidek Basilikatik hilkutxa atera dute sorbaldan
Francoren hilkutxa Erorien Haraneko Basilikatik atera dute senideek

3:06

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azkenean iritsi da eguna: Franco diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haraneko leku pribilegiatutik atera dira 12:55ean. Ondoren, familiaren panteoira eraman dituzte.

Jardunean den Espainiako Gobernuak Twitter bidez jakinarazi duenez, 10:40 aldera abiatu dute diktadorearen "exhumazio, lekualdatze eta lurperatzeko" prozesua, Francisco Francoren senitartekoak bertan zirela.

09:00etatik, agintariak, Espainiako Gobernuko Justizia jarduneko ministro Dolores Delgado buru, Erorien Haranean zeuden. Diktadorearen senideak ere bertan zeuden; guztira, 22 izan dira exhumazioan. Delgado Erresumako notario nagusi gisara aritu da, goizeko prozesuan zehar. Horiek guztiak metal detektagailu batetik pasatu dira, edozein grabazio gailuren sarrera saihesteko.

Espainiako Gobernuak Francoren familiari gogorarazi dio diktadorea hobitik ateratzeko prozesuan ez dagoela baimenduta banderarik edo bestelako ikurrik erabiltzea; baina, bilobetako batek, Francis Francok bandera frankista bat eraman du. Senideek ereinotz koroa ere sartu dute Basilikan, 'Zure familia' inskripzioarekin, eskaintza bakar gisa.

Bestalde, jatorrizko hilkutxan lurperatu dute diktadorea familiak hala erabakita, nahiz eta hilkutxak kalteak jasan, Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez. Jatorrizko egurrezko kutxa gurutze handi batekin apaindua dago, eta 1975ekoa da.

Santiago Canterak, Erorien Haraneko Basilikako prioreak, errespontsu labur bat otoiztu du 12:44 aldera, hilkutxa erauzi ondoren, Franco familiak hala eskatuta.

Francis Franco izan da hilkutxarekin batera helikopteroan Mingorrubioraino joan den senide bakarra. Diktadorea intimitaterik zorrotzenean lurperatuko duten panteoian, Gobernuak baimena eman dio familiari, hala nahi badu, hilkutxaren gainean nahi dituen ikurrak jartzeko, familiaren zeremonia bat dela iritzita.

Francoren zortzi senidek Basilikako hilkutxa sorbaldan atera eta hil-autoraino eraman dute; ondoren, Basilikaren kanpoaldera eraman dute eta, bertan, Aireko Armadako Superpuma helikoptero batek eraman ditu diktadorearen gorpuzkiak Mingorrubiora, hilerriko familia-panteoira, Carmen Polo emaztearekin batera lurperatzeko.

Eztabaida, Franco lurpetik ateratzeagatik

Francis Franco Francisco Francoren ilobak leporatu dio Gobernuari "argazkia kontrolatu" nahi izana, eta hori ahalbidetzeko komunikabide ofizialei aitonaren gorpuzkien desobiratzearen irudiak izateko baimena eman diela.

Familiak exhumazioa gelditzeko hasi zuen borroka judiziala irailaren 24an amaitu zen, Auzitegi Gorenak Pedro Sanchezen Gobernuak hasitako prozesuari aho batez oniritzia eman zionean. Auzitegi hori izan zen diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik El Pardo Mingorrubioko hilerrira eramatea onartu zuena, Francoren senideek La Almudena katedralera eramateko eskaera egin arren.

Hori horrela, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak duela zenbait hilabete egindako promesa beteta hasiko du hauteskunde kanpaina. Hasiera batean apirileko hauteskundeak baino lehen burutu nahi zuen, baina familiaren etengabeko helegiteek atzeratu egin dute prozesua. Hala, azaroaren 10eko hauteskundeen atarian egokitu da.

Ezin izan da irudirik hartu

Goizean goiz hasi dira lanean, exhumazioaren lekuko izan nahi zuten 22 senideak Madrilgo puntu desberdinetan jasotzen. Bilobak eta horien bikotekide eta seme-alabak izan dira gehienak, tartean Luis Alfonso de Borbon.

Bai familiartekoak, bai exhumazio lanetan aritu direnak, metal detektagailu batetik igaro dira, eta eskaner batean utzi dituzte soinean zeramaten guztia, inork ez zezan Basilika barruko irudirik eta soinurik grabatu. Neurri bera hartu dute Mingorrubion zerraldoa sartzerakoan ere. Espainiako Gobernuak jarritako baldintzak bermatu nahi izan dituzte horrela.

Erorien Haraneko Basilikan zerraldoa ateratzeko garaian, gainera, karpa bat jarri dute harlauza estaltzen, eta barruan hori altxatu duten langileak, bi senide, Dolores Delgado Justizia ministroa, Felix Bolaño Presidentzia idazkari nagusia eta Antonio Hidalgo Presidentzia idazkariordea soilik egon dira.

10:30ean

Exhumazioa 10:30ean hasi da. Ez da ezustekorik izan. Katu hidrauliko baten laguntzarekin kendu dute 1.500 kilo pisatzen duen hilarria, eta garabi batek eraman du zehaztu ez duten eta publikoarentzat ikusgai egongo ez den leku batera.

Erabat itxitako zink kutxa batean daude Francoren gorpuzkiak, eta kutxa hori egurrezko zerraldo baten barruan. Egurrezko kaxa narriatuta egon arren, kaxa horretan bertan lurperatuko dute Mingorrubiora heltzean. Hala ere, Espainiako Gobernuak beste egurrezko kutxa bat zuen prest, beharrezkoa izatekotan Mingorrubiora eraman aurretik lekualdatzeko.

Zinkezkoa egoera onean zegoenez, ez dute ireki Francoren gorpuzkiak barruan dauden ala ez ikusteko. Gobernuak ez du beharrezko ikusi hori egitea, Jose Maria Sanchez-Ventura Justizia ministroak, Erreinuaren notario nagusi zenak, bere garaian, zerraldoan sartutako gorpua Francorena zela baieztatu zuelako.

Auzitegi mediku batek gainbegiratu du prozedura guztia, baina, segurtasunagatik, ez dute jakinarazi nor izan den.

Gaur egungo hilobia, gainera, hormigoiz eta berunez dago estalia, eta adituek uste dute horrek babestu egin duela lur azpiko ur korronteetatik.

Ohorerik gabe

Familiak eskatuta, Santiago Cantera, Erorien Haraneko Basilikako priorea eta exhumazioaren aurka dagoena, izan da gorpuzkiak bedeinkatu dituena hilobitik ateratzean, eta une horretan ez da beste apaizik egon Basilikaren barruan.

Zerraldoa senideek atera dute basilikatik, Erorien Haraneko zabaldira, eta bertan egon da zain hileta-autoa. Ez diete utzi hilkutxa banderekin estaltzen, eta ez zaio inolako omenaldirik egin.

Senideek, baina, "Gora Espainia, gora Franco!" batekin agurtu dituzte diktadorearen gorpuzkiak Basilikako kanpoaldean.

Ondoren, Mingorrubiora helikoptero batek eraman du. Horra iristeko, 10-15 minutu behar izan dituzte. Lekualdatzean Francis Franco biloba egon da, sendiaren izenean.

Mingorrubion, Cantera prioreak eta Tejero apaizak, militar kolpistaren semeak, meza eman dute.

TVE eta EFE

TVEk emango ditu Erorien Haraneko zabaldiko irudiak, eta seinale hori eitb.eus-en egon da ikusgai, zuzenean. Gainerako hedabideek Haraneko atean itxaron behar izan dute. Mingorrubion gauza bera gertatu da, TVE eta EFEko argazkilariak soilik gerturatu ahal izan dira panteoira.

Kostua

Exhumazioa, lekualdatzea eta lurperatzea Espainiako Gobernuak ordainduko du, eta guztira 63.000 euro inguru izango dira. Hala ere, garestiena Mingorrubioko panteoia egokitzea izan da, blindatutako atea, hesia eta harlauza berria jarri baitituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jende ospetsua Frankismoa Madril Memoria Historikoa