Politika -

Donostiako Udala

Donostian herri-galdeketak egiteko araudia legez kontrakoa dela ebatzi du Gorenak

Gauzak horrela, Donostiako Udalak aurkeztu zuen helegitea atzera bota du Gorenak, eta hirian ezin izango da tresna hori erabili zezenketak egiteari buruzko erabaki bat hartzeko.

Auzitegi Gorena. EiTBko bideo batetik hartutako irudia
Auzitegi Gorena. EiTBko bideo batetik hartutako irudia
Auzitegi Gorena. EiTBko bideo batetik hartutako irudia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak herri-galdeketak egiteko onartu zuen araudia legez kontrakoa dela ebatzi du Auzitegi Gorenak. Gauzak horrela, hirian ezin izango da tresna hori erabili zezenketak egiteari buruzko erabaki bat hartzeko.

Donostiako Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) emandako epai baten aurka aurkeztutako helegitea atzera bota du Auzitegi Goreneko Hirugarren Salak. Epai horrek, Donostiako udalbatzak 2015eko apirilaren 30ean aho batez onartutako herri-galdeketen araudia baliogabetu zuen, legez kontrakoa zela iritzita.

Zehazki, Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak, Estatuko Abokatutzaren bidez, zezenketei buruzko galdeketaren aurka aurkeztutako helegitea onartu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, “Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen Legea" errespetatzen ez duela arrazoituta. Izan ere, herri-galdeketa egiteko asmoz udalbatzak onartutako araudiak “Kataluniako Parlamentuaren 10/2014 Legea mimetikoki” helarazten zuen.

EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, baliogabetutako arau horren bitartez, benetako “berrespenak” diren prozesuak “galdeketa” hutsekin onartu nahi zituen Udalak, eta, hori, “Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen Legearen aurkakoa da".

Eneko Goia Donostiako alkateak orduan iragarri zuen Udalak helegitea jarriko ziola ebazpen judizial horri, eta "defentsa juridikorako aukera oro amaieraraino agortuko" zuela.

Hala, Auzitegi Gorenak ostegun honetan kaleratu du Udalak aurkeztu zuen helegitea atzera botatzeko ebazpena. Bertan, Gorenak azaldu duenez, "herri-galdeketen" (udalbatzaren esku daudenak) eta "hiritarren-kontsulten" (71. artikuluan aurreikusitakoak) artean dauden aldeak behin eta berriro azpimarratzen zituen Udalak.

Testuinguru horretan, 71. artikuluan aurreikusitako “garrantzi bereziko gaiak” hiritarren-kontsulten bidez erabaki ordez, herri-galdeketetan erabaki nahi zituen Udalak; Espainiako Gobernuak kasuan kasuko baimena eman ondoren beti ere. Halaber, Estatuak deialdi baten aurka egiteko aukera izatea aurreikusten zuen arauak, baldin eta, gaiak duen garrantziagatik, ez bada bidezkoa herri-galdeketa egitea.

Auzitegi Gorenak azaldu duenez, Oinarrien Legearen 69.1 artikuluak herritar guztiek tokiko bizitzan parte hartzea errazteko betebeharra ezartzen duenean, "Legeak araututako ordezkaritza-organoei dagozkien erabakitzeko ahalmenei kalterik egin gabe egiten du”.

"Hau da, agindu edo betebehar horretatik ezin da ondorioztatu parte hartzea sustatzeko tresna berri bat, erreferenduma, sortzeko behar den ahalmen juridikoa duenik, eta, gainera, ez Konstituzioan ez erreferendumak jorratzen dituen Legean, babesik izan gabe", nabarmendu du Gorebak.

"Hori are argiago azaltzen da 70 bis 1 artikuluan, non, izaera organikoko arauetan, tokiko gaietan herritarren parte-hartzea sustatzeko prozedura eta organo egokiak ezartzeko zehazten baitira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika Donostia Gipuzkoa Auzitegi Gorena Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak