Politika -
A10 hauteskunde orokorrak
'Autogobernuaren garapenarekin konprometituta dagoen Gobernua' defendatu du Mendiak
Azaroko hauteskunde orokorrei begira, PSE-EEko idazkari nagusiaren iritziz, herritarrek aukeratu behar dute "garapena eta eztabaidaren edo blokeoa eta gatazkaren artean".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Euskal autogobernuaren garapenarekin konprometituta dagoen Pedro Sanchezen Gobernu aurrerakoia" defendatu du igande honetan Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak. Autogobernuari dagokionez, hain justu, "itun bideragarri berria lortzeko asmoz, topagune-esparrua zabaltzearen" alde azaldu da Mendia, erronka berriei aurre egite aldera.
Patxi Lopezen agintaldia izan zenetik 10 urte betetzen diren honetan, eta Gernikako Estatututaren 40. urteurrenaren harira, ekitaldia egin du PSEk Miramongo Parke Teknologikoan, Donostian. Mendiarekin batera, Patxi Lopez lehendakari izandakoa, Ramon Jauregui eurodiputatu ohia eta Isabel Celaa Hezkuntza jarduneko ministroa, besteak beste, izan dira.
"Gernikako Estatutua bukatutzat eman nahi izan zuten duela bi hamarkada, nazionalisten eta ez nazionalisten arteko elkar ulertzerako bidearekin amaitzea, alegia", adierazi du Mendiak, Juan Jose Ibarretxe lehendakariari aipamena eginda. "Baina euskal gizartearen parte bat baztertzeko saiakera bakoitzak huts egin du", ohartarazi du Mendiak, eta honakoa gainera du: "36ko Estatutuarekin amaitu zuen diktadurak, baina Gernikakoarekin ez zuten lortu ez ETAK ezta beste proiektu baztertzaile batek ere".
Datozen hauteskundeei begira, Mendiaren iritziz, herritarrek aukeratu behar dute "garapena eta eztabaidaren edo blokeoa eta gatazkaren artean".
'Erokeria katalanak'
Bestalde, 2009 eta 2012 urte bitartean Gobernu sozialistak egindako "lorpenak" azpimarratu ditu Patxi Lopezek. Gobernu horrek "bere aztarna utzi zuen, eta etorkizunerako hazia jarri". Zentzu horretan, Antonio Basagoitiren PPk eskainitako babesa eskertu du, gaur egungo Alderdi Popularrak "muturreko eskuineko tesiekin bat egin badu ere".
"Euskadi egun dagoen bezala badago, eta ez Katalunian bezalako erokeriatan, gobernu sozialistari esker da, eztabaida identitatetik arlo ekonomikora eraman zuelako", gaineratu du.