Politika -
Negoziaketak
Bilduren 'mehatxuak' gaitzetsi eta zuzenketa bat eskatu du EAJk
Saioa Villanueva (Bildu) Sopelako (Bizkaia) alkategaiak atzo egindako adierazpenei erantzun die Andoni Ortuzar BBBko presidenteak.
Erredakzioa
Bilduko ordezkariak atzo egindako "salaketa larriak" gaitzetsi ditu gaur Andoni Ortuzar Bizkaia Buru Batzarreko presidenteak. Bilduk adierazpenetan erabilitako "mehatxuak" eta "harrokeria" kritikatu ditu jeltzaleak. Bilduk "iraganeko tonua" erabili zuela esan eta zuzenketa bat eskatu du Ortuzarrek.
Saioa Villanueva (Bildu) Sopelako (Bizkaia) alkategaiak atzo egindako adierazpenei erantzun die BBBko presidenteak. Alkate eta diputatu nagusi izateko hautagai propioak aurkeztu behar zituela erabaki zuen EAJk. Erabaki horrek erakunde horietan "ondorioak" izango zituela ohartarazi zion EAJri Villanuevak.
Lemoako eta Elorrioko alkategaiak Villanuevarekin batera prentsaurrekoa eman zuten atzo. Villanuevaren hitzetan, EAJk "alkatetza guztiak nahi ditu PPren eta PSEren boto ezkutua erabiliz".
Hiru udalerri horietan Bilduk irabazi zituen hauteskundeak, baina EAJk zinegotzi kopuru berdina du. Horrela, Urkulluren alderdiak PPren edo PSEren babesa jasotzen baldin badu larunbatean, Bilduk ez lituzke alkatetzak lortuko.
"Mehatxua"
"Ordezkari demokratikoek mehatxurik ezin" dezaketela egin adierazi du Ortuzarrek. Horregatik, "ezker abertzaleak bide demokratikoen alde egindako apustua behar bezain irmoa denik zalantzan jarri" du EAJko ordezkariak.
Adierazpenek Bilduren "zinismoa" agerian utzi dute, Ortuzarren esanetan. Izan ere, EAJk erabaki politiko bat hartu eta gardentasunez jakinarazi zuen. Buruzagi jeltzalearen ahotan, "EAJk ez du ezer negoziatu beste alderdiekin", Bildu, ostera, "pirateria politikoa egiten ari da hautestontzietan irabazi ez duena ezkutuko itunen bidez eskuratzeko".