Politika -

Liburu baten aurkezpenean

Basagoiti: 'Bildu kentzeko PPk EAJri babesa ematea gerta litekeena da'

"EAJrekin gogoz kontra egingo genuke, beraiek Bildu nahiago dutelako, baina Bilduk gobernatzea saihesteko eginahalak egingo ditu PPk", adierazi du Euskadiko PPko presidenteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPk eta PSEk elkarri babesa emateko aukerarik ez dagoen udaletan Bildu "kentzeko" bere alderdiak EAJri botoa ematea gerta "litekeena" dela esan du gaur Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak.

"EAJrekin gogoz kontra egingo genuke, beraiek Bildu nahiago dutelako, baina Bilduk gobernatzea saihesteko eginahalak egingo ditu PPk", adierazi du Basagoitik prentsaurrekoan, Carlos Iturgaizek idatzitako Vivir frente al terror liburuaren aurkezpen ekitaldian parte hartu baino lehen.

Basagoitiren ahotan, EAJk Bildurekin "herrialdearen banaketa adostu" du eta PPrekin eta PSErekin akordioak lortzeari uko egin dio. "Bildu ez gobernatzea nahi baldin badute, bere ituna aldatzeko aukera dute jeltzaleek larunbata baino lehen", eta sozialistek eta bide batez PPk egindako proposamenari erantzun bat eman. "Gizalegezkoena, ekonomiarentzako, gizartearentzako eta bakea gerturatzeko onena Bildu ez gobernatzea izango litzateke", erantsi du.

Bestalde, ''opor fiskalen'' inguruan EBko Justizia Auzitegiak igorritako epaia mintzagai izan du PPko buruzagiak. Basagoitik azaldu duenez, Kontzertu Ekonomikoa "beti" defendatu du PPk, "baina ez gehiegikeriak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea