Politika -
Udaletako gobernuak
Irabazi egin duen herri guztietan gobernatuko duela iragarri du Bilduk
Koalizioaren hitzetan, "lau herrialdeetako udaletan garai berri bati hasiera emango zaio larunbatean, ezkerreko gehiengo sozial abertzalea islatuz".
Erredakzioa
Garaipena lortu duen udal guztietan gobernatuko duela ziurtatu du Bilduk, "Euskal Herriko mapa politiko eta instituzionala errotik aldatuz" eta normalizazio politikoaren alde lan eginez. Helburua "Sortu eta alderdi politiko guztiak legezko izatea eta euskal presoak etxera itzultzea" dela gaineratu du koalizioak.
Juan Carlos Izaguirre Donostiako alkategaiak prentsaurrekoan eman du gaur, Idurre Bideguren Bermeoko alkategaiarekin eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako alkategaien ordezkaritza batekin batera. Bilduko ordezkarien ahotan, "lau herrialdeetako udaletan garai berri bati hasiera emango zaio larunbatean, ezkerreko gehiengo sozial abertzalea islatuz".
Era berean, normalizazio politikoa "lehentasuna" izango dela aurreratu du Bilduk, bakearekin konpromisoa hartuz, "proiektu politiko guztiak posible izan daitezen, alderdi politiko guztiak legezkoak izateko, baita Sortu ere, presoak etxera itzultzeko, indarkeria guztiak desagertzeko eta eskubide guztiak errespeta daitezen".
"Aldaketa sozial eta ekonomikoa"
Bigarren lehentasuna "aldaketa sozial eta ekonomiko progresista" ekartzeko egitasmo bat garatzea du Bilduk, "eraikuntza nazionala hizkuntzaren, kulturaren eta erakundeen eskutik landuz", eta "aldaketa sozialeko proiektu independentista bati" forma emanez.
Demokrazia partehartzaile bat nahi dutela azaldu dute Bilduko ordezkariek, "herriaren parte-hartzerako ateak zabalduz", sektoreetako mahaiak osatuz eta langileen parte-hartzea bermatuz.