Politika -
Bizkaia: herri nagusiak
EAJk nagusigoa mantendu du Bizkaian
EAJk Getxon, Santurtzin, Durangon, Zornotzan, Basaurin eta Sestaon gobernatuko du; Bilduk Gernikan, Bermeon, Ondarroan eta Lekeition; eta PSEk Barakaldon, Portugaleten eta Ermuan.
Erredakzioa
Tontxu Rodriguez sozialista Barakaldoko alkate izendatu dute berriz. Gaurko saioan, alderdi guztiek euren hautagaiak babestu dituzte, eta, horrenbestez, PSE-EEk eskuratu du Alkatetza, alderdi bozkatuena izan baitzen hauteskundeetan.
Getxon, Imanol Landa (EAJ) berriz izendatu dute alkate, alderdi bozkatuenaren zerrendaburua izateagatik. Gainerako alderdiek (PP, Bildu, PSE) euren hautagaiak babestu dituzte.
Basaurin, EAJk Alkatetza berreskuratu du Andoni Busquet hautagaiarekin. Bere alderdiaren zortzi zinegotzien babesa izan du. PSEk eta PPk euren hautagaiak babestu dituzte, eta Bildu abstenitu egin da.
Santurtzin, Ricardo Ituartek (EAJ)&' || 'nbsp;bigarren aginaldiz jarraian gobernatuko du, gehiengo osoarekin (12 zinegotzi). PSEk (4), Bilduk (3) eta PPk (2) euren hautagaien alde egin dute.
Portugalete, Mikel&' || 'nbsp;Torres sozialista izango da berriz alkate, PSE-EEren eta PPren botoei esker.
Sestaon, Josu Bergarak (EAJ) eskuratu du Alkatetza, bere alderdiaren botoekin. Aurreko legegintzaldian, PSE-EE izan zen udal gobernuan.
Galdakaon, Ibon Uribe jeltzalea izendatu dute alkate, alderdi bozkatueneko hautagaia baita. Bozketaren emaitza honakoa izan da: EAJk 8 boto, Bilduk 5, PSE-EEk 3, UHk 2, PPk 2 eta GB-IUk 1.
Durangon, Aitziber Irigoras jeltzalea berriz hautatu dute alkate, zerrenda bozkatuenaren burua baita. EAJren zortzi zinegotziek haren alde bozkatu dute, baina Bilduk ere zortzi boto izan ditu (koalizioaren 6 zinegotzienak eta Aralarren biak). PSEk eta PPk euren hautagaiak babestu dituzte.
Elorrion, EAJk Alkatetza kendu dio Bilduri. Koalizio abertzalea izan zen bozkatuena, baina PPk jeltzaleen alde egin du, eta gehiengo osoa batu dute. Saioa amaitzean, Bilduko jarraitzaileek "faxista" eta "EAJ, espainiarra" oihukatu diete bi alderdiotako zinegotziei.
Gernikan, Jose Maria Gorroño Bilduko hautagaia izendatu dute berriz alkate. Bere alderdiaren 12 zinegotziek babestu dute, eta EAJren bostak abstenitu egin dira. Aurreko agintaldian, Gorroño EAren aldetik izan zen alkate.
Ondarroan, Miren Argia Ituarte Bilduko hautagaiak alkatetza berreskuratu du ezker abertzalearentzat, gehiengo osoz: koalizioaren 9 zinegotzi EAJren lauen aurka.
Bermeon, Idurre Bideguren Bilduko hautagaiak bereganatu du Alkatetza, gehiengo osoz, azken lau urteetan EAJk gobernatu eta gero.
Trapagaranen, Xabier Cuellar EAJko hautagaiak Alkatetza kendu dio Jesus Gonzalez Sagredo sozialistari. PSE-EEren zerrendaburua bozkatuena izan da hauteskundeetan, eta alkate izan da azken 20 urteetan, baina EAJk Bilduren babesa jaso eta gehiengo osoa lortu du.
Ermuan, Carlos Totorika sozialista berriz hautatu dute alkate, PSE-EEren zazpi zinegotziek eta PPren laurek babestuta. EAJk, Bilduk eta EBk euren hautagaien alde bozkatu dute.
Bilduk Sopelako Alkatetza lortu du (7 zinegotzi) eta, ondorioz, Saioa Villanueva izendatu dute alkate berria. EAJk (7) eta PPK (1) euren bozak batu dituzte eta PSEk (2) bere hautagaiaren alde bozkatu du. Sopelako alkatea EAJkoa izan da beti.
Lanestosan, ezustekoa. PSE-EEk Bildu babestu du, eta koalizio abertzaleko hautagaia da alkate berria. Horrela, EAJk galdu egin du alkatetza, Bilduk baino zinegotzi bat gehiago lortu arren.
Lemoan, Saioa Elejabarrieta Bilduko hautagaia izendatu dute alkate, PSE-EEk EAJko hautagaiari babesa eskaintzeari uko egin eta bere hautagai propioen alde bozkatu ostean.