Politika -
Udalak osatu ostean
Bilduk esan du ez duela 'inolako itunik' egin EAJrekin
Peio Urizar Bilduko bozeramaileak gezurtatu egin ditu atzo PSE-EEko ordezkariek esandakoa, hau da, Bilduk eta EAJk sozialistei alkatetzak kentzeko itunak egin izana.
Erredakzioa
Peio Urizar Bilduko ordezkariak esan du EAJrekin ez dutela "inongo itunik" egin PSE-EEri alkatetzak kentzeko. "Guk EAJrekin ez daukagu inongo akordiorik alkatetza aldaketarik egiteko" berretsi du Urizarrek, atzo PSE-EEko hainbat ordezkarik Bilduk eta EAJk "itun lotsagarriak" zeuzkatela baieztatu ostean .
Lasarten eta Trapagan gertatutakoa "herriko errealitatearen isla" dela azaldu du koalizio abertzaleko bozeramaileak.
Istiluak, "salbuespenak"
Peio Urizarrek gaineratu du "salbuespenak" izan zirela Elorrion eta Lizartzan gertatutako istiluak eta gaineratu du Bilduk "normaltasunaren" aldeko apustua duela mahai gainean. Euskadira "aldaketa politikoaren garaia" iritsi dela esan du Peio Urizarrek, Bilduk Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan atzo 123 alkatetza eskuratu ostean.
Koalizioaren "larrialdiko eginbeharra" eskubide politiko eta zibil guztien defentsa egitea dela esan du Urizarrek, modu horretan "alderdi politiko guztiak baldintza berdinetan egon daitezen eta beraz, Sorturen legala izan eta soluzio bat egon dadin presoentzako eta biktima guztientzako oro har".