Politika -

Udalen osaketa

Bilduk, EAJk eta PPk hiru euskal hiriburuak bereganatu dituzte

Koalizio abertzaleak Gipuzkoako udalerrien erdia baibo gehiagotan aginduko du. EAJ, berriz, nagusi da Bizkaiko eta Arabako udalerri gehienetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Alkatetza eskuratu du Bilduk, Juan Karlos Izagirre ezker abertzalearen zerrendaburua alkate izendatu eta gero. Izagirre Odon Elorza sozialistaren ordez estreinatuko da karguan. Bilduren hautagaiak alderdiaren zortzi zinegotzien babesa jaso du.

Bilbon, berriz, ez da aparteko ezustekorik izan. Iñaki Azkunak (EAJ) Alkatetza lortu du berriro, lehen aldiz, gehiengo absolutuari esker. 1999. urtetik hiriburu bizkaitarraren alkatea da Azkuna, hortaz, laugarren agintaldia betetzera doa.

PPk Gasteizko Alkatetza berreskuratu du, azken lau urteetan oposizioan egon ostean. Javier Maroto izango da gasteiztarren alkate berria, alderdi popularren botoak bakarrik jaso ondoren. PPko hautagaiak gehiengo sinplea lortu du botazioan, izan ere, PSEk eta EAJk boto zuria eman dute eta Bilduk bere hautagaiaren alde egin du.

EAJk nagusigoa mantendu du Bizkaian

Bizkaian EAJk nagusigoa mantendu du 66 alkatetza eskuratuta; tartean da hiriburukoa, Bilbokoa. Bilduk 30 udalen kontrola lortu du eta PSE-Eek, berriz, hirutakoa: Barakaldo, Portugalete eta Ermua. Aralarrek Zalla gobernatuko du eta 12 herri plataforma independenteen esku gelditu dira (Abadiño, Plentzia eta Ibarrangelu, kasu).

Trapaga, Lanestosa eta Elorrioko alkatea hautatzeko bozketek eman dute zeresanik gehien. Trapagan eta Elorrion EAJren alkate berriak dituzte; Bilduren laguntzarekin lehen kasuan eta PPren zinegotzi baten babesarekin bigarrenean. Lanestosan, berriz, PSE-EEren zinegotziek Bilduko hautagaiaren aldeko boza eman zuten alderdiaren diziplinari muzin eginez.

Bilduk alkatetza garrantzistuak kendu dizkio PSE-EEri&' || 'nbsp;

Gipuzkoan Bilduk gobernatuko du herrien erdietan baino gehiagotan; zehazki, probintziako 88 alkateetatik 58 koalizio abertzalearenak dira. Hitzetik hortzera dabilen garaipenetako bat hiriburukoa, Donostiakoa izan da. EAJk lau herritan gobernatuko du (Elgoibar, Hondarribia, Urnieta eta Aia) eta PSEE-Eek, aldiz, hirutan (Eibar, Irun eta Zumarraga), Aralarkoa izango da Albizturko alkatea eta beste 20 udalerritan beste formazio batzuetako alkateak izango dituzte.

Lurralde honetan Lasarte-Oriako kasua da aipagarriena; EAJko bi zinegotzik Bildukoekin eta plataforma independentearenarekin bat egin dute Pablo Berrio Bilduko hautagaia alkate jarri eta PSE-EEkoa baztertzeko, alkatetzan 20 urte zeramatzana, hain zuzen ere.

EAJk 25 udalerritan gobernatuko du, tartean Amurrio

Araban, aldiz, Bildu nagusitu da Laudion eta beraz, EAJk alkatetza galdu du zortzi urteren ostean. PPk zortzi alkatetza lortu ditu, EAEko bakarrak eta tartean hiriburukoa dago, Gasteizkoa, hain zuzen ere.

Arabako udalerri gehienak EAJk gobernatuko ditu eta 12k Bilduko alkateak izango dituzte, Zuia, Laudio eta Legutio kasu. PSE-EEk bi alkatetza ditu Araban, Iruña Okan eta Erribera Baxuan. Plataforma independenteetako alkateek hartu dituzte bost herri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea