Politika -
M-22ko hauteskundeak
Gaur osatuko dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak
Nolanahi ere, oraindik aste batzuk falta dira ahaldun nagusiak hautatzeko. Arabako Batzar Nagusiak asteazkenean osatuko dituzte.
Erredakzioa
Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak astelehenean osatuko dira, eta Arabakoak, aldiz, astezkenean. Lehen batzar horietan foru ganberen mahaiak osatuko dituzte eta lehen urratsak emango dituzte lurralde bakoitzeko ahaldun nagusia hautatzeko bilkuren bidean.
Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzarren araudiaren arabera, ganberako ordezkarien herenak akreditazioa jasotzen dutenean (51etik 17) lurraldeko ganberen mahaiak osatzeko epea aurrera egiten hasiko da ahaladun nagusien izendapenera iritsi arte. Bizkaian eta Gipuzkoan, ordezkarien heren hori iragan astelehenean akreditatu zen.
Orduan zazpi eguneko epea zabaldu zen ganberen zuzendaritza organoa osatzeko. Epe hori astelehen honetan amaitzen da bai Bizkaian eta bai Gipuzkoan.
Arabaren kasuan, araudiak epe ezberdinak ezartzen ditu. Lehenengo batzarra Hauteskunde Batzordek prokuradoreak izendatu eta baliodun hamar egunetara egin behar da, izendapenaren hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Izendapena iragan astelehenean egin zuten, Hauteskunde Batzordeak akreditazioak atzeratu egin zituelako EAJk Erribera Beheko mahaiko zenbaketari jarritako errekurtsoa argitu arte. Ondorioz, lehen batzarra asteazkenean egingo dute.
Prozedurak
Lehen batzar horietan, besteak beste, Adineko mahaia osatuko dute batzarkide zaharrenarekin (presidente lanak egingo ditu) eta gazteenarekin (idazkari lanetan).
Ondoren, Batzarretako Mahai berrien kideak hautatzeko sekretupeko bozketa egingo dute. Mahai horiek presidente batek, bi presidenteordek eta bi idazkarik osatzen dituzte eta Batzar Nagusiak zuzenduko dituzte hurrengo lau urteetan.
Batzar Nagusietako Mahaiko presidenteak Batzar Nagusiak osatuta daudela adieraziko du eta jarduneko ahaldun nagusiari jakinaraziko dio (Jose Luis Bilbao Bizkaian, Markel Olano Gipuzkoan eta Xabier Agirre Araban).
Ondoren, legealdi honetako ahaldun nagusiak hautatzeko bilkurarako deia egingo du.
Izendapen bilkura hori kontuan izanda, alderdi politikoek 72 orduko gutxienezko aurrerapenarekin aurkeztu beharko dituzte euren hautagaiak.
Ahaldun nagusia hautatzeko gehiengo osoa lortu beharko dute lehen botazioan eta, horrela gertatzen ez bada, gehiengo sinplea bigarrenean. Bigarren botazio horretan berdinketa bat balego, boto gehien dituen alderdiko hautagaia izango da ahaldun nagusia.