Politika -

Katalunia

Generalitateak bat egiteko eskatu die erkidegoei, Sanchezen dekretu digitalaren aurka

Jordi Puignero Politika Digitaleko kontseilariak nabarmendu duenez, neurri horrek "Txinatik gertuago" jarri du Espainia, "Europar Batasunetik baino".

Puignero, Miquel Buch Kataluniako Barne kontseilariarekin batera. Argazkia: EFE
Puignero, Miquel Buch Kataluniako Barne kontseilariarekin batera.
Puignero, Miquel Buch Kataluniako Barne kontseilariarekin batera. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jordi Puignero Generalitateko Politika Digitaleko kontseilariak bat egiteko deia egin die autonomia erkidegoei jardunean den Espainiako Gobernuak onartu berri duen dekretu digitalaren aurka. Dekretu horren arabera, salbuespen kasuetan sare eta orrialde digitalak kontrolatu ahalko ditu Exekutiboak, epaile baten baimenaren zain egon barik.

Dekretua atzo argitaratu zuten Estatuko Aldizkari Ofizialean. Sanchezek neurria iragartzeko agerraldian azaldu zuenez, Kataluniako Gobernuaren "errepublika digitala" delakoa eteteko helburua du; besteak beste, Generalitateak irailean sareratu zuen IdentiCat zerbitzua bertan behera uzteko. Horren arabera, Espainiako administrazio publiko guztiek Europar Batasuneko zerbitzarietan eduki behar dute ostatu (IdentiCatek atzerriko zerbitzarietan du).

Horren aurrean, gogor jardun du Puignero kontseilariak. "Prozesu Autonomikoaren Harmonizazioko Lege Organikoa adostu zutenetik Espainian egin duten prozesu zentralizatzaile handiena da. Espainiako Gobernuak Internet kontrolatu nahi du, epaile baten baimenaren beharrik izan gabe. Dekretu horrekin Txinatik gertuago dago Espainia, Europar Batasunetik baino", nabarmendu du.

Generalitatearen eskuduntzak defendatzeko "ofentsiba judizial eta politikoa" abiatuko dutela iragarri du kontseilariak, eta, ildo horretan, bat egiteko deia egin die erkidegoei, "denei" eragingo baitie.

Sanchezen gobernuak onartutako dekretua Herritarren Segurtasuna Babesteko 1992ko legearekin —"Corcuera legea" ezizenez ezagutu zena— alderatu du: "Orain 'Sanchez legea' dugu".

Kataluniako Gobernuak iragarri duenez, Europara joko du dekretuak "eskubide digitalen EBko zuzentarauak" urratzen dituelakoan. Espainiako Auzitegi Konstituzionalean ere, errekurtsoa aurkeztuko du.

Azkenik, "harrituta" azaldu da Puignero, dekretua "jardunean den gobernu batek, hauteskunde kanpainan eta aurretik inoiz ikusi ez den desleialtasun instituzionalarekin" onartu dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Teknologia Politika Espainiako Gobernua Espainia Sare sozialak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Internet