Politika -
2012ko martxoan izango dira
Hauteskunde orokorrak aurreratzea errefusatu du PSOEk
Honen esanetan, "axolagabekeria litzateke hauteskunde kanpaina hastea, oraindik tramitatu beharreko erreformak ditugulako". PP, berriz, gobernatzeko prest dago, "orain, udazkenean nahiz martxoan".
Erredakzioa
Gobernuaren asmoa hori dela azpimarratu du, "tinko", Marcelino Iglesias PSOEko Antolakuntza idazkariak, prentsaurreko batean. Horren iritziz, "axolagabekeria litzateke egungo une erabakigarrian, hitzarmen kolektiboa eta beste hainbat erreforma tramitatu behar diren honetan, hauteskunde kanpaina bati hasiera ematea".
Iglesiasek nabarmendu duenez, "inork ez luke ulertuko"egungo testuinguruan hauteskundeak aurreratzea eta, gainera, “mezu okerra” bidaliko lieke horrek merkatuei eta hartzekodunei.
"Espainia konpromisoak betetzen dituen herrialde serioa dela eta Gobernuko presidenteak erreformak aurrera ateratzeko indar eta borondate politiko nahikoak dituela jakinarazi behar diegu", Iglesiasen hitzetan.
"Gobernuaren erantzukizuna neurriak hartzea da eta halaxe egingo du datozen hilabeteetan; neurri horiek bertan behera uzteak ekonomia eta enplegua berpizteko prozesua gelditzea suposatuko luke eta Gobernuak ez du hori egingo".
PP, "gobernatzeko prest"
PP "orain, udazkenean edo martxoan" gobernatzeko prest dago, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak adierazi duenez.
Hauteskundeak aurreratzeari buruz, PPk ez daki erabakia hartu behar duenaren, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentearen, asmoa.
Hala ere, Gaztela-Mantxako presidente hautetsiak baieztatu duenez, "Espainiako politikan norabidea aldatzeko unea da".
Zentsura mozio bat aurkeztuko dutela ezeztatu du Cospedalek, "hautesleengan frustrazioa besterik eragingo ez lukeelako". Gainera, Kongresuko banaketa ez da egokiena Alderdi Popularrarentzat.