Politika -

Donostian

Biktimei buruzko kongresuko egitaraua aldatu dute Bildu saihesteko

Ekainaren 16ean eta 17an egingo den Terrorismoaren Biktimei buruzko topaketetako egitarauan hainbat aldaketa egin dituzte Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate berriaren parte hartzea sahiesteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste honetan Donostian izango den Terrorismoaren Biktimen inguruko kongresuaren egitarauan hainbat aldaketa egin dituzte, Bilduren udal Gobernu berriaren parte hartzea sahiesteko.

Aurreko Gobernuko hainbat kidek adierazi dutenez udaletxeari erreferentzia egiten dioten elementu eta logotipoak erretiratu dituzte egitarauetik. Kongresua ekainaren 16ean eta 17an ospatuko da. Donostiako Udaleko aurreko Gobernuak konferentziaren antolaketan parte hartu zuen, ez ordea, finantzazioan.

Juan Karlos Izagirre Bilduko alkate berriaren parte hartzea saihestea da aldaketen helburua.

Terrorismoaren Biktimen inguruko hitzaldiak Aieteko Bakearen Etxean egitekoak ziren, baina azkenik inguru horretan dagoen hotel batean ospatuko da kongresua.

Topaketa hauetan Estatuko eta nazioarteko 200 bat adituk parte hartuko dute, biktimen babeserako esperientziez jardungo dute eta pertsona hauei eskaintzen zaizkien laguntzak areagotu eta bizi dituzten egoerak berrezartzeko Estatuek duten gaitasunaz mintzatuko dira, besteak beste.

Rodolfo Ares Jaurlaritzako Barne sailburua, Marta Requena, Task Force Terrorismoaren Kontrako Europako Kontseiluko arduraduna eta Justo Zambra Espainiako Barne ministerioko idazkariordea egongo dira besteak beste, parte hartzaileen artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea