Politika -
Eskozia
Ponsati libre geratu da, behin behinean, eta abenduan deklaratuko du berriro
Ponsatiren aurkako estradizio prozesuak abenduaren 12an izango du jarraipena (Erresuma Batuan hauteskunde orokor aurreratuak egingo dituztenean), beste agerraldi batekin.
agentziak | erredakzioa
Eskoziako epaile batek libre utzi du, behin behinean, Clara Ponsati politikari nafarra, Espainiara estraditatzeko epaiketaren hasieran. Kataluniako independentzia erreferendumean izandako paperagatik eskatu zuen Espainiak estradizioa, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Ponsatiren estradizio prozesuak abenduaren 12an izango du jarraipena (Erresuma Batuan hauteskunde orokor aurreratuak egingo dituztenean), beste agerraldi batekin.
Edimburgoko Sheriffaren Gorteak onartu egin du Aamer Anwar defentsa abokatuaren eskaera, eta libre utzi du, epaiketak irauten duen bitartean, Kataluniako kontseilari ohia.
"Borroka irabazi dugu, baina guda ez, oraindik bide luzea geratzen da!", adierazi du Ponsatik.
Era berean, donazioak eskatu ditu prozesu judiziala finantzatzeko. Dagoeneko 50.000 libra lortu dituzte, baina 100.000ra iristea da helburua.
Gaurko lehenengo agerraldiaren aurretik, kontseilari ohia Edinburgoko komisaldegira joan da, eta bertan atxikita izan dute Espainiako Auzitegi Gorenak igorritako euroaginduaren harira.
Defentsa abokatuak esan du Espainiaren eskaeran "gehiegikeriaz" erabili dutela estradizio prozesua eta euroagindua, eta azpimarratu du sedizioa "XVI. mendeko delitua" dela, eta "zorionez Eskozian abolitua" izan zela "duela asko".