Politika -
Katalunia
Espainiako Gobernuak elkarrizketa eskatu du Konstituzioaren eta Estatutuaren barruan
"Bakarrizketa" uzteko eskatu dio Isabel Celaa Exekutibo zentraleko bozeramaileak independentismoari, "euren artean hitz egin behar duten aurrenak Kataluniako alderdiak direlako".
Agentzia | Erredakzioa
Katalunian elkarrizketa Konstituzioaren eta Autonomia Estatutuaren barruan aurrera eramatea eskatu du Isabel Celaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak. "Bakarrizketa" uzteko eskatu dio Celaak independentismoari, "euren artean hitz egin behar duten aurrenak Kataluniako alderdiak direlako".
Ministro Kontseiluaren ondoren emandako prentsaurrekoan, PSOE-Unidas Podemos aurreakordioak marko legalaren barruan elkarrizketaren aldeko apustua egiten duela esan du Celaak. "Pauso bat bera ere ez Konstituziotik at, ezta atzerapausorik ere", adierazi du bozeramaileak. "Konstituzioak eta Estatutuak irekitako bideen aurka egiten duenak zergatik eta zer proposatzen duen azaldu beharko du", erantsi duenez.
Itunak "Katalunian elkarbizitza bermatzeko" helburua duela gaineratu du bozeramaileak, baita "justizia fiskala" eta "aurrekontu oreka" ere.
Katalunian bizikidetza bermatzeko, PSOEren eta Unidas Podemosen arteko aurreakordioak "elkarrizketa sustatzen jarraitzea" nahi du; "iraganeko formulen aurrean, elkarbizitza, adostasun eta etorkizun bermeekin", zehaztu duenez.
Iraganeko formulez hitz egin duenean zertaz ari den galdetu diote Celaari, baina ez du xehetasunik eman nahi izan.
Alderdi independentisten abstentzioarekin aurrera atera daitekeen koalizio Gobernua "agertoki berrian aukera bakarra da", onartu du Celaak.
Hirugarren hauteskunde deialdirik egongo ez dela uste du Gobernuak, ministroak azaldu duenez, baina hori saihestea gainerako indar politikoen erantzukizuna dela gogorarazi du, ez bakarrik PSOErena.