Politika -

HAUTESKUNDE PARTZIALAK

Udal hauteskundeak Nafarroako 21 herritan eta Gipuzkoako batean, igande honetan

Iragan maiatzean ez zen hautagairik aurkeztu udalerri horietan eta "hauteskunde partzialak" izango dituzte igande honetan.

Leintz-Gatzagako herritar bat, gaur, botoa ematen. Argazkia: EiTB.
Leintz-Gatzaga, gaur. Argazkia: EiTB.
Leintz-Gatzagako herritar bat, gaur, botoa ematen. Argazkia: EiTB.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko eta Nafarroako udalerrietako alkate eta zinegotziak aukeratzeko udal hauteskundeak 2019ko maiatzaren 26an ospatu ziren arren, Gipuzkoako herri batean (Leintz Gatzagan) eta Nafarroako 21etan, igande honetan dute bozkatzera joateko hitzordua. Izan ere, inolako zerrendarik ez zen aurkeztu aurreko hauteskunde horietan, eta ondorioz, ez zuten bozketarik izan.

Hauteskunde Legeak sei hilabeteko epea ematen du horrelakoetan, hauteskundeak errepikatzeko. Hala Espainiako Ministro Kontseiluak irailaren 20an erret dekretuta kaleratu zuten M26an hautagaitzarik izan ez zen udalerrietan, azaroaren 17rako "hauteskunde partzialak" deituz.

Hauteskunde kanpaina honek 15 egun iraun ditu udal horietan. Azaroaren 1eko gauerdian hasi zen eta azaroaren 15eko gauerdian amaitu da.

Gipuzkoan, Leintz Gatzagako bizilagunek 09:00etan ekingo diote alkatea hautatzeko bozketari. Asko kostatuta, baina azkenean, zerrenda osatu dute 232 biztanleko herrian.

Nafarroan 31 herritan ez zen hautagaitzarik aurkeztu maiatzeko bozetarako. Hauetan, hain zuzen ere: Aberin, Aranaratxe, Aras, Aria, Aribe, Bargota, Bidaurreta, Burgi, Etxarri, Elgorriaga, Eneritz, Eratsun, Eslava, Ezkurra, Garralda, Irañeta, Ituren, Iturmendi, Itzaltzu, Lezaun, Luzaide Mirafuentes, Murieta, Muruzabal, Oiz, Orbaizeta, Orisoain, Erronkari, Unciti, Urroz eta Bidankozen.

31 udalerri horietako 21etan hautagaitza bat izatea lortu dute, eta beraz, printzipioz horiek izango dira hurrengo lau urteetarako udal arduradunak.

10 udalerritan, baina, ez dute zerrendarik osatu, eta beraz, igandean ez da bozketarik izango. Kasu horretan, Nafarroako Gobernuak "gestora" bana osatuko du herri horietan. Kasu honetan dira: Aranatxe, Bargota, Burgi, Eslava, Iturmendi, Itzaltzu, Murieta, Unziti, Luzaide eta Bidankoze.

Nafarroan, gainera, 84 kontzeju ere hautatu behar dituzte azaroaren 17an, baina 41etan bakarrik aurkeztu dute hautagaitzaren bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023