Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Urkulluk dio EAJ ez dela sartuko Bilduren 'tentsio dinamikan'
EAJren presidenteak PP eta koalizio abertzalea "oso eroso" ikusten ditu "tentsio dinamikan eta atzera begira, aurrera begira egon beharrean".
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren presidenteak esan du PP eta Bildu "oso eroso" daudela "tentsio dinamikan eta atzera begira, aurrera begira egon beharrean", eta bere alderdia "joko" horretan ez dela sartuko argi adierazi du, "maltzurra" izan daitekeelako, PPk ETAren atentatuak gaitzesteko aurkeztu dituen mozioei erreferentzia eginez.
Buruzagi jeltzaleak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, "PSE-EE, PP eta Bildu, baina PP eta Bildu bereziki, oso eroso daudela ikusten dut, baina ez dut uste euskal gizarteak etorkizunean nahi duen giroa denik".
Gainera, "gaur egun" EAJ ez dela PPk aurkeztu dituen mozioetan sartuko azpimarratu du, izan ere, "finean, batzuei eta besteei horrenbeste komeni zaien joko maltzurrean sartzea litzateke".
"Horrela ez da eraikitzen etorkizunean denon artean egin behar dugun testuingurua. Aztertu beharra daukagu zein giro eraiki nahi duten batzuk eta besteek", gaineratu du.
Araba
Bestalde, Urkulluk Arabako Batzar Nagusietan gertatutakoa izan du hizpide. EBren jarrera "oso arraroa" dela eta ez duela "politika egiteko era hori" ulertzen adierazi du.
"Susmatzen duguna da Ezker Batuko ordezkari batek PSE-EEri eman ziola botoa, eta besteak EAJri, eta hori ez zen nahi genuena", Urkulluren esanetan.
Gipuzkoa
Gipuzkoako Aldundiari dagokionez, Iñigo Urkulluk aitortu du "zaila" izango dela Markel Olano EAJren hautagaia ahaldun nagusi izatea. Hala ere, EAJren lana "gure proiektua defendatzea" dela azpimarratu du.