Politika -
'Lezo' auzia
Ignacio Gonzalez auzipetu dute diru publikoa bidegabe erabili eta iruzurra egotzita
Isabel II.a Kanala erakundeak Emissao Brasilgo enpresa erosi zueneko piezari dagokio auzipetzea. Ikerketaren arabera, Madrilgo Erkidegoko presidenteak 5,4 milioi euro eskuratu zituen komisioetan.
Agentziak | Erredakzioa
Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak Ignacio Gonzalez Madrilgo Erkidegoko presidente ohia (PP) auzipetu du 'Lezo' auzia. Zehazki, Isabel II.a Kanala erakunde publikoak Emissao enpresa brasildarra erosi zuenean ustez egindako iruzurragatik epaituko dute Gonzalez.
Iturri judizialek jakinarazi dutenez, auzipetze autoak bi delitu egotzi dizkio PPko buruzagiari: iruzurra eta diru publikoa bidegabe erabiltzea. Fiskaltzak egindako eskaerari men egin dio, horrenbestez, epaileak.
Gonzalezekin batera, honakoak auzipetu ditu Garcia Castellon epaileak: Edmundo Rodriguez Sobrino, Gonzalezen "konfiantzazko gizona" Latinoamerikan; Luis Vicente Moro Espainiako Gobernuak Ceutan zuen ordezkaria; Maria Fernanda Richmond Kanaleko zuzendari ohia; Ramon Navarro Tripe A (Kanalaren Kolonbiako filiala) kudeatzaile izandakoa; Diego Fernando Garcia Arias Inassako zuzendaritza taldeko kide ohia eta Sebastiao Cristovam Emissaoko zuzendari izandakoa.
Isabel II.a Kanalak 2013an erosi zuen Emissao enpresa 30 milioi dolarren truke (benetan balio zuena baino askoz gehiago). Izan ere, erosketa gauzatu eta hilabete geroago, enpresa horren ondare garbia 10,629 milioi eurokoa zen; urtebete geroago, 5,380 milioikoa. Fiskaltzaren arabera, Ignacio Gonzalez izan zen eragiketaren erantzule nagusia.
Ikerketaren arabera, Ignacio Gonzalezek 5,4 milioi euro eskuratu zituen legez kanpoko komisioei esker.
Aurreneko aldia da Gonzalez 'Lezo' auziaren baitan auzipetzen dutena. Izan ere, Isabel II.ak Inassa enpresa kolonbiarra erostean izandako irregulartasunen piezan ez zuten auzipetu. Bai, ordea, Kanaleko Administrazio Kontseiluko 14 kideak.