Politika -
Frantziatik
Gorka Betolaza Vilagrasa espainiaratu du Polizia Nazionalak
Auzitegi Nazionalak ETAko kidea atxilotzeko agindua eman zuen, lau urteko kartzela zigorra bete behar duelako terrorismo delituengatik.
Erredakzioa
Gorka Betolaza Vilagrasa ETAko kidea Frantziatik Espainiara ekarri du gaur Polizia Nazionalak. Auzitegi Nazionalak ETAko kidea atxilotzeko agindua eman zuen, lau urteko kartzela zigorra bete behar duelako terrorismo delituengatik.
Barne Ministerioak komunikatu baten bidez gaur jakitera eman duenez, Betolaza lekualdatu dute Auzitegi Gorenak iragan uztailean Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi ostean.
Lehergailuak jartzeagatik eta molotov koktelak Gasteizko zenbait banketxeren aurka jaurtitzeagatik lau urteko espetxe zigorra ezarri zioten ETAko kideari.
Zenbait atxiloketa
Betolaza 1983ko otsailaren 17an jaio zen Gasteizen. Iragan maiatzean atxilotu zuen Baionako Poliziak Itsasun (Lapurdi).
Lehentxeago, 2007ko irailean Frantziako Poliziak atxilotu zuen, beste 15 lagunekin batera.
Era berean, 2002ko martxoan beste hamar lagunekin batera atxilotu zuten, Segiren aurkako operazio batean.