Politika -
Terrorismoaren biktimak
Lehendakariak esan du ETAren amaiera ezin dela "hutsean itxi"
Patxi Lopezek Terrorismoaren Biktimen Nazioarteko Kongresuan adierazi du "ETA amaitzear badago eta armekin ezer ez duela lortuko jabetu bada, demokraten irmotasunagatik" izan dela.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak iritzi dio "lau hamarkadatako terrorismoaren kapitulua" ezin dela "faltsuan itxi".
"Egiazko" kontakizuna eta "ingurumarik gabekoa" egiteko eskatu du lehendakariak "hiltzaileari hiltzaile deitzeko eta heriotzari adjetiborik ez ipintzeko". "Kontaketa egia erabilita idatzi behar dugu, bestela inoiz ez dugu milaka heriotza eragin dituen gezur handi honekin amaituko", erantsi du.
Donostian, Terrorismoaren Biktimen Nazioarteko Kongresuan egin ditu hausnarketa horiek lehendakariak. Hitzaldian, bere ustez ETA ahuldu duten faktoreez mintzatu da eta, behin "terrorismoa historia denean" Euskadik jarraitu beharreko ardatzez mintzatu da. "ETA bere amaieran badago, eta armekin ez duela ezer lortuko jabetzen bada, demokraten irmotasunagatik, terrorismoaren kontrako borrokaren sendotasunagatik, biktimen etengabeko ahotsarengatik eta gizarteak lozorrotik esnatu ondoren ETAri argi eta ozen bere xantaia ez zuela onartuko esan ziolako izan da", azpimarratu du Lopezek.
"ETAren desagertzea" ezinbestekoa dela eta gertu dagoela aipatu du eta "aldi berri" bati ekin behar zaiola.
"ETAren desagertzea" ezinbestekoa dela eta gertu dagoela aipatu du eta "aldi berri" bati ekin behar zaiola.
Aldi berriak, "gizartearen batasunean eta tolerantzian, demokrazian eta politikaren pluraltasunaren errespetuan" oinarrituta egon behar du, baina ezin dela "terrorismoaren amaiera hutsean itxi", azpimarratu du.